Añorga menpean hartuta, hirugarren kanporaketarako sailkatu da Aldabide

Guaixe 2009ko otsailaren 19a

Ostiral gauean VI. Berria Txapelketako bigarren kanporaketako partida jokatu zuten Arbizuko Aldabidek eta Añorgak Arbizuko kiroldegian. Aldabide zen irabazteko faborito eta horrela izan zen; gazteen indarrari esker egin zuen aurrera Aldabidek (40-57), kadete eta gazteak bikain aritu baitziren. Kadeteetan Añorgako Manterola eta Lizasori 5-22 irabazi zieten Aldabideko Zelaiak eta Gabirondok. Kadete mailan faborito argiak ziren Arbizuko taldekoak, eta hala demostratu zuten, Manterola eta Lizasori ez baitzieten inolako aukerarik eman. Gipuzkoarrak saiatu ziren, baina Zelaiak eta Gabirondo geroz eta alde handiagoa ateratzen hasi ziren eta bukaeran garaipen potoloa lortu zuten. Ezkurdia II.aren eta Lukinen erakustaldiaGazte mailan Añorgako Jauregi eta Maiza izan zituzten arerio Aldabideko Ezkurdia II.ak eta Lukinek. Partida honetan ere alde nabariarekin nagusitu zen Aldabideko bikoa, 4-22 hartu baitzituzten menpean gipuzkoarrak. Partida estuena hau izango zela aurreikusten zen, baina ez zuen inolako orekarik izan eta bai kolore argia: Aldabiderena. Nafarroako txapeldun Ezkurdia II.ak eta Lukinek erakustaldi bikaina egin zuten  Gipuzkoako txapeldunen aurrean, eta esaterako Lukin atzelariak ez zuen pilota bakar bat ere galdu. Ezkurdiak 14 tanto egin zituen, zazpi sakez. Gipuzkoarrek aldiz ez zuten ongi jokatu, presaz aritu baitziren, akatsak pilatuz. Nagusien mailako partidan ez zegoen ezer jokoan, ordurako Añorgak ezin baitzuen erremontatu. Partida lasaia izan zen, eta Añorgako Insausti eta Jauregi nagusitu ziren, 22-15, Aldabideko Ezkurdia eta Bergeraren aurrean. 11-7ra arte partida polita eta lehiatua izan zen, baina hortik aurrera Añorgakoak jaun eta jabe izan ziren, gaueko garaipen bakarra lortuz. Tantoak batuta, Añorgak 40 pilatu zituen eta Aldabidek 57, eta hortaz Arbizuko taldeak egin du aurrera Berria txapelketan, hirugarren kanporaketarako sailkatuz. Iparralde kanporatu duen Zugarralde izanen da hurrengo arerioa, martxoaren 6ko asteburuan.