AHTri buruzko herri galdeketak eginen ditu Elkarlanak Arbizun eta Lizarragabengoan

Guaixe 2009ko otsailaren 19a

Asteazkenean Iruñean egindako prentsaurrekoan jakinarazi zuen AHT Gelditu! Elkarlanak Arbizun eta Lizarragabengoan abiadura handiko trenari (AHT) buruzko herri galdeketak eginen dituela. Herri galdeketei babesa azaltzeko sinadura bilketa ere eginen dute bi herrietan. Galdeketa horiekin Arbizuko AHT Gelditu! Elkarlanaren asmoa da "herritarrek proiektu honekiko duten iritzia jakin eta gaur egun Nafarroako herritarroi botere publikoek ukatzen diguten herri partehartzea bultzatzea". Asteazkeneko agerraldian Arbizuko AHT Gelditu! Elkarlaneko kideek jakinarazi zuten "denbora luze" daramatela "ekimen ezberdinak bultzatzen Abiadura Handiko Trena egitasmoaren aurrean, informazioa eta eztabaida bultzatzen. Nafarroako Gobernutik ukatzen den informazioa eta eztabaida eskubidea defenditzen; AHT bultzatzen ari diren erakundeak herritarrekin, herriekin eta kontzejuekin kontatu gabe bultzatzen ari dira egitasmoa". Horregatik, Arbizuko Elkarlanak erabaki du "gabezia demokratiko honi erantzuna emateko ekimen demokratiko berri bat martxan jartzea, herritarren iritzia entzun eta errespetatu dadin". Hala, sinadura bilketa martxan jarri dute. Bilduko dituzten arbizuar eta lizarrengoitarren atxikimenduak udalari eta kontzejuari aurkeztuko dizkiote. Sinaduren babesarekin Arbizuko AHT Gelditu! Elkarlanak bi erakunde horiei eskatuko die antolatuko duen herri galdeketari laguntza eman diezaiotela. Arbizuko AHT Gelditu! Elkarlanak maiatzaren 10erako iragarri du herri galdeketa Lizarragabengoan. Arbizukoa, berriz, maiatzaren 17an izanen da. Galdeketa eguna iritsi bitartean, Elkarlaneko kideek Sakanan antolatuko diren ekitaldietan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Euskal Herriko beste herri batzuetan gaiaren inguruan egin den herri galdeketen lekukoa hartu dute ibarreko bi herriek. Baina Nafarroako lehenak izanen dira. EraginakElkarlaneko kide arbizuarrek nabarmendu dute AHTren egitasmoak "kalte eta eragin handiak" sortuko dituela "ingurumenean eta gure herrien etorkizuneko garapenean, gureak bezalako herri txikien etorkizuna erabat baldintzatuz". Ziurtatu zutenez, "komunikaziorako azpiegitura izan beharrean gure herriak inkomunikatuko ditu". Nafar bakoitzari egitasmoa 5.000 euro kostako litzaiokeela nabarmendu zuten, eta krisi garaian dirua gizarte arloko beharretara bideratzea egokiago jo zuten. Bestalde, AHT Gelditu! Elkarlanak EAEko eta Nafarroako alderdi politikoak "izaten ari diren jarrera" salatu zuen. Aldi berean, Elkarlanak AHT egitasmoarekiko eztabaida "sakona" aldarrikatu zuen, zeinetan aztertuko bailiratekeen, besteak beste, "mugikortasun eta lurralde antolaketaren inguruko egungo eredua, ditugun arazoei aurre egin eta gizartearen beharrei nola erantzun; horiexek dira gizarteak dituen benetako erronkak".