Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
IrurtzunGaur txikienen txanda eta bihar guztienaKultur Kontseiluak prestatu duen ihote egitaraua asteazkenean mustu zen, Irurtzungo Musika Eskolak eskainitako Sorgiñen kontzertuarekin. Gaur, ostiralean, txikienen txanda izanen da goizetik hasita. 10:15ean mozorro desfilea dute Atakondoa ikastetxean, eta hamaiketako eder baten ondoren kalejira eginen dute Irurtzungo kaleetan barna. Urtero moduan sutan bukatuko du Marigorrik. Inauteri egun handia Irurtzunen larunbatean izanen da. Eguerdian joaldunak eta haien fale hotsak Irurtzunez jabetuko dira. Bazkaltzeko eskaintza bikoitza izanen da larunbatean. Alde batetik, San Martin jubilatuen elkartean izanen den bazkaria eta ondorengo inauteri dantzaldia dago. 14:00etan eseriko dira mahaian. Eta ordu erdi geroago hasiko da ihoteetako herri bazkaria. Haurrak mahaitik altxatzen lehenak izaten direnez, makillatzeko aukera izanen dute udaletxean, 15:30etik 17:30era antolatu den ihauteri makillaje tailerrean. 17:30ean Irurtzungo musika taldeek lagunduta, puskak biltzeari ekinen zaio. Auzoz auzo egindako eske horretan txistorra bilduko dute. 18:00etan abiatuko da Foruen plazatik inauterietako herri desfilea. Ihote segizioa ere herrian barna ibiliko da kolore, doinu eta festa giroa zabaltzen. Foruen plazara bueltatu ondoren, 18:30ean, nahi duten guztiek txistorra dastatzeko eta dantzatzeko aukera izanen dute. Jai giroak aurrera eginen du eta Larrazpi gazte elkarteak festarekin bat eginen du, 23:00etatik aurrera rock kontzertuak eta DJ Gordon-en emanaldia izanen baitira. IrañetaAtxon Zarkuarenak egin zuenOtsailaren 7an ospatu zituzten inauteriak irintarrek. Ihote segizioak kalejira egin eta gero, Atxon Zarkoak sutan bukatu zuen, bildutakoek dantza egiten zuten bitartean. Uharte ArakilMozorro larunbataIhote ospakizunak larunbatean izanen dira Uharte Arakilen, Galtz Orratz taldeak antolatuta. 14:30ak aldera ihote bazkaria dago Aralar Mendi elkartean. 75 bat lagun bilduko dira mahai inguruan, eta animosoenak ordurako mozorrotuta egonen dira. Gainontzekoak, bazkaldu ondoren, koadrilaka mozorrotuko dira. Beti ere, herri ikutuko mozorroak izanen dira. Ildo honetan, galdutako inauteriak berreskuratzerakoan zenbait pertsonaia sortu zituzten, Agiriko amona, trapu, sorginak eta beste, eta uhartear batzuk pertsonaia horiez jantziko dira eta beste batzuk nahi dutenaz, baina hori bai, guztiak batera eta primerako giroan. 17:30ean hasita Uharte Arakilen barna kalejiran ibiliko dira guztiak, trikitixa doinuei jarraiki. Ihote segizioan besteak beste, opatuko dugu Galtz Orratz taldeak sortu duen zanpantzarra, 2 momotxorro gurditik tiraka, eta haren gainean Agiriko amona (beltzez jantzita eta aurpegia estalirik duela), makila baten puntatik Uharte guztia ikusiko duen panpina eta Xantimargo. Pertsonaia beldurgarri horrek tamaina handia du eta guztiz itxura izugarria, lurreraino iristen den besoa, konkor handia eta beste. Xantimargoak haurrak beldurtuko ditu atzera ere. Segizioak Uharten barnako ibilbidea egiten duen bitartean sorpresa bat baino gehiago egon liteke. Baina ziurra da ibilbidea Donibane plazan bukatuko dela. Han panpinari su eman eta haren inguruan dantza eginen dute eta indarrak berreskuratzeko izanen da zer jan eta edan. Giroa ordu txikietara arte luzatuko da.Uharteko kintoakAtzo bazkaltzera bildu ziren Uharteko aurtengo 16 kintoak. Indarra hartu eta gero, traktorean sartu eta baserrietara joan ziren, trikiti doinuak lagun. Aralar magalean hasi zuten haien eskea, eta baserriz baserri ibili ziren eskean. Ondoren Itxesia auzoan aritu ziren eskean, eta gau partean indarrak hartzeko afaltzera bildu, eta ondoren parranda ederra bota zuten. Gaur, ostiralaralean, kinto uhartearrek eskearekin jarraituko dute, baina lehenago eskolatik pasako dira, haurrei goxokiak eta beste banatzera. Lantegietan eta auzoetan arituko dira eskean, musikaren laguntzaz, eta bapo bazkaldu ondoren Zerradoa eta Itxesia auzoak bisitatuko dituzte, atzera ere eskean arituz. Afari eta parrandarako ere izanen dute tartea. Larunbat goizean herriguneko kaleetan ariko dira eskean, eta ondoren ihote ospakizunekin bat eginen dute. Haien ospakizunak irauten duten hiru egunetan kintoak ez dira ia etxean ere agertzen, udalak utzitako egoitza batean lo egiten baitute, eskola azpiko aretoan. Jakina, jasotzen duten diruarekin herriko jatetxe eta tabernatan gosaldu, bazkaldu eta afalduko dute. ArruazuTxikienak nagusiIgande arratsalderako dago iragarria ihote ospakizuna Arruazun. Etxeko txikienak mozorroak jantzi eta etxerik etxe eskean ibiliko dira 17:00etatik aurrera. Haien ibilbidean jasotako sosa eta jaki guztiekin ostatura joanen dira eta han merienda ederrarekin gozatuko dute. LakuntzaZatamarroekin eta biharko festarekin ospatuko dira ihoteakGaur izanen dute hasiera ihoteek, Luis Fuentes ikastetxeko inauteri segizioarekin. Alkatea eta almintea izeneko erraldoiak ihoteen agintariak izango dira, eta haiekin batera segizioa osatuko dute zatamarroek, emaiñeek, gardolariek eta potoluek, musika lagun dutela. 15:00etan abiatuko da herriko kaleetan barna egingo duten kalejira, eta geldiuneak eginen dituzte, besteak beste sorgin dantza eskaintzeko. Festa ongi despeditzeko auzatea eginen dute. Larunbatean ihote izpirituarekin esnatuko dira lakuntzarrak, eta eguerditik aurrera koadrilak, haurrak eta helduak mozorrotuta aterako dira. Mozorro koloretsuak ez dira faltako, batzuk landuagoak eta oso originalak eta besteak ez horrenbeste, baina guztiak primerakoak. 13:00etan auzatea izanen da plazan, eta mozorrotuta agertzeko eskaera egin dute antolatzaileek. Goizeko bueltatxoa eta gero, herri bazkarian bilduko dira herritarrak; haurrendako eta helduendako menua prestatu dute. Arratsaldean jai giroak aurrera eginen du eta 18:00etan txokolate jatea izanen da plazan eta mozorrotutakoen kalejira. Parranda ordu txikietara arte luzatuko da.Asteartean atzera ere ihote ospakizunetan murgilduko dira lakuntzarrak. Bereziki haurrak izango dira mozorrotuko direnak, eta euren mozorroak are lortuagoak izateko makillaje tailerra antolatu da udaletxean, 17:00etan. 18:00etan txokolate jatea izango da plazan, musikaz lagundurik, eta ordurako dagoeneko zatamarro beldurgarriren bat edo beste agertuko da plazan. Soinean arropa eta zaku zaharrak jantzita, aurpegia zapi batekin estalita, buruan lastozko txapela eta eskuan erratza, sardea edota urritz makila dutela, jendearen atzetik ibiliko dira, izutu eta haiek berotzeko asmoz. Haiek zirikatzeko "Zatamarro begi-gorri urtien behin etorri" eta beste kantatuko diete. Lakuntzako kintoakKintoek eta haien laguntzaileek - Lakuntzan "acompañantes" izenarekin ezagutzen direnak - astelehen goizean dute hitzordua jarrita. Aurten 17 neska mutilek ospatuko dute kintoen ospakizuna, kintoak eta laguntzaileak kontuan hartuta. Astelehen goizean guztiak bildu eta bi eguneko festa egin ahal izateko eskean hasiko dira, musikaz lagunduta. Ibilbide hori lantegietan barna eskatuz abiatuko dute, eta bertara traktorez jaitsiko dira, guztiak gurdian doazela. Industrialdean aurrera eta atzera ibili eta gero, gosea eginda, mahaira bilduko dira bazkaltzera. Arratsaldean, bonboa aldean dutela, Lakuntzan etxez-etxeko eskea eginen dute. Afaldu eta gero Tolosako bidea hartuko dute, Arbizuko kintoekin batera autobusa konpartituz. Handik bueltan, asteartean, gosaldu eta musikaren laguntzarekin etxez-etxeko eskearekin jarraituko dute. Bazkari eta afari ederrak egin eta gero, parranda Altsasun edo Etxarri Aranatzen despedituko dute. ArbizuTxatarretako dena prestUdalak, Zizkerte kultur taldeak eta kintoek antolatutakoarekin dena prest dago Arbizun txatar ihoteak behar bezala ospatzeko. Eta hasi, gaur bertan hasiko dira. 21:00etan Veneziako inauteriari buruzko diapositiba emanaldia eginen da udaletxean, eta ondoren, 22:00etan, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatuta, Mikel Nazabalek Sakanako inauteriei buruz prestatutako DVDa izanen da ikusgai. Larunbatean egun handia biziko da Arbizun. 11:00etan, plazan, ahatea izanen da, eta indarrak hartu eta gero, 12:00etan, herri guztiari buelta emanen dion mozorroen kalejira abiatuko da. Hura despeditzean, 14:30ean, kiroldegiko frontoia txatarrez jantzitakoen jangela handia bihurtuko da. Arratsaldean herriko kale eta tabernetan jarraituko du jai giroak, eta 22:00etatik aurrera Argi Bidea elkartean berbena izanen da. Aittun haundiya eta amin txikiyaArbizuko ihoteak asteartean biziko du beste egun handia. Eguerdian mozorrotutako haurrek kalejira eginen dute. Arratsaldez, 17:00etatik aurrera, haurrendako jolasak eta txokolatea prestatu dituzte. Batzuk txatar mozorrotuta egonen dira, zakuekin eta beste. 19:00etan udaletxean argazkien proiekzioa izanen da. Ordurako Aittun haundiya eta Amin txikiya bere etorkizunaz urduritzen hasiak izanen dira. Izan ere, 20:00etarako iragarri da haien erretzea kale nagusian, musikaz lagunduta. Ohi bezala, sutik hanka egiten saiatuko dira salto handiak emanez, baina alferrik izanen da. Eguna borobiltzeko Alda Bide elkartean afaria izanen da. Arbizuko kintoakAurten 16 dira Arbizuko kintoak eta beltza eta morea den atorran "matrakak" izena daramate. Kintoek gaur bertan hasiko dituzte ospakizunak arratsaldeko 20:00etan plazan dagoen kontzentrazioa eta gero, trikipoteoarekin. Karrika tabernan majo afaldu eta Arbizun poteatzen izanen dira, elkartean parranda eginez. Larunbatean ihote ospakizunak bere eginen dituzte eta primeran pasako dute. Hori bai, igandean, 11:00etarako-edo etxez-etxeko eskeari ekinen diote. Haiekin batera almintea joanen da laguntza emanez, eta moskatela eta pastak eskainiko dizkiete herritarrei. Itzulia egin eta gero, Izarran bazkaldu, poteatu eta bapo afalduko dute. Afalostean Tolosara joanen dira, parrandara, taxiz. Astelehen goizean fabriketara joanen dira eskera. Olatzea jatetxean bazkalduko dute, eta musikaren laguntzarekin herriari buelta eman eta gero Baxerri jatetxean afalduko dute. Astleheneko parrandak Tolosan jarraituko du, eta Lakuntzako kintoekin batera joango dira bertara, autobusez. Nolanahi ere astearterako fresko egon beharko dute ihote ospakizunen antolakuntzan aritu beharko baitira, besteak beste amiña eta aittuna pertsonaiak prestatuz eta haurrendako jokoak antolatuz. Bazkari eta afariak ez dira faltako eta gauean Etxarrin edo Altsasun jarraituko dute parranda, ospakizunak despedituz. UnanuMamuxarro, xirri xarroMauka luzeko kamixeta eta galtzontzilo luze zuriak, gerriko beltza edo gorria, soina alderik alde zeharkatzen dion larruzko gerrikoetan pazpalinak, galtzerdi zuriak, zatak eta aurpegia metalezko katuelaz estalia duen inor ikusten baduzu igandean edo asteartean Unanun, argi ibili, eskuan duen zigorra edo makila azkar ibiltzen du eta. Ez dute aurkezpen handirik behar, mamuxarroak dira. Igandean mamuxarro txikien eguna da asteartean mamoxarro handiena. Bi egunetan arratsaldeko lau eta erdiak aldera aterako dira eta seiak bitartean Unanuko nagusi izanen dira, argazkilari eta komunikabideetako ordezkariek uzten badiete, behintzat. Ondoren, eliz atean, auzatea izanen da. Gazta, txistorra, ardoa eta beste dastatu ondoren, musikak lagunduta etxez-etxeko eskean hasiko dira. Lehen, gehienbat, jatekoa biltzen zuten, baina orain, aldiz, dirua da jasotzen dutena batez ere. Hura eguneko afaria ordaintzeko erabiliko dute.Etxarri AranatzZalduniyote eta astearteiyotearekin despedituko da festaAzken ostegunetan gizakunde, andrekunde eta garikunde ospatu ondoren, ihote ospakizunen azken egunak iritsi dira Etxarri Aranatzera. Udaleko Kultura Sailak inauterietarako programazioa prestatu du eta horren barruan, gaur 20:00etan, Mikel Nazabalek Sakanako inauteriei buruz prestatu duen dokumentala ikusteko aukera izanen da. Ibarrean dauden ospakizunen berri jasotzeko eskaintza egokia da gaurkoa. Bestalde, Nafarroa Oinezek antolatuta, bihar 18:30ean, Edurne Agirrezabala aktoreak Ogiyik karri etzun semia bakarrizketa eskainiko du kultur etxean. Zalduniyote ospatuko da igandean Etxarri Aranatzen. Txikienen egunean haiek izanen dira protagonistak. Ospakizunak 18:00etan abiatuko dira, txatarren kalejirarekin. Sakanako trikitilarien doinuen laguntzarekin, herrian barna ibiliko dira txatar txikiak. Kalejira plazan bukatuko da 19:00etan. Gazte asanbladak txikienak txokolatera gonbidatuko ditu. Astearteiyotean, goiz eta arratsaldez, kintoen kalejira izanen da. 17:00etarako txokolatada iragarri dute. 18:00etan haurrendako dantzaldia izanen da Euskalerriari pilotalekuan. Txikienek primeran pasatzeko aukera izanen dute. Txikienen dantzaldiak helduei emanen die txanda. Kintoak antolatuta, Ibai Berriak taldeak mozorro dantzaldia eskainiko du 19:30etik 21:30era eta 23:30etik 2:30era. Etxarri Aranazko kintoakEtxarri Aranazko kintoen ospakizunak ofizialki astelehenean hasiko dira, baina jada egun batzuk badaramatzate ihoteak ospatzen. Otsailaren 5ean Gizakunde ospatu zuten mutilek, aurreko ostegunean, hilak 12, Andrekunde ospatu zuten neskek, eta atzo Garikunde ospatu zuten neska eta mutil kintoek. Txatarraz jantzita ibili ziren denda eta tabernatan eskean, ondoren afaltzeko. Azkenaldian euren festa antolatzeko bilerak egin dituzte kintoek eta bilera horietan astearteiyotean janzten dituzten zintaz betetako txano koloretsuak prestatu dituzte. Bada, aurtengo 28 kintoak asteleheniyotean afaltzera bilduko dira eta afaltzera gonbidatuko dituzte kinto zaharrak ere. Bapo afalduta, guztiek, Tolosako bidea hartuko dute, autobusez. Gaua parrandan eman eta gero, goizeko 8:00ak inguruan itzuliko dira, kaxeraz jantzi eta koloretako zintez betetako txano koloretsua jantziko dute. Horrela, berehala, kalejira eginen dute herri guztian barna, txaranga lagun, eskean. Mozorrotutako haur eta guraso askok eginen du bat eurekin. Fabrika eta lantegietara ere hurbilduko dira. Izan ere, txaranga, gaueko musika, otorduak, autobusa eta beste ordaindu behar dituzte; hortaz, eskean ibili behar. Bazkaldu ondoren bueltaka ariko dira, eta afalondoko jai giroak ordu txikietara arte iraungo du. BakaikuKamarroen bisita larunbatean eta asteartean haurren txandaIhote ospakizunak larunbatean Bakarrekoetxea elkartean eginen den bazkari batekin hasiko dira Bakaikun. Bazkaltzera biltzen direnak bapo jan eta edan eta gero, kamarro jantziekin estaliko dituzte gorputzak, arratsaldeko seiak aldera herrian barnako etxez-etxeko errondari ekiteko. Kamarroekin batera, gurdia, golda, errautsa botatzen dutenak eta bestek osatuko dute segizioa. Ihoteek asteartean izanen dute segida Bakaikun. Haurrak protagonista izanen dira. Eguerdirako dute denek hitzordua jarrita. Mozorrotuta agertuko dira eta bazkal garairaino jolasten egonen dira. Bakarrekoetxea elkarteko mahai inguruan haur ugari bilduko dira ordu bietan bazkaltzera, merezitako bazkaria baita. Izan ere, Santa Ageda egunean eskean ibili zirenean jasotako diru guztia bazkaria ordaintzeko erabiliko da. Ondoren, bostak aldera eta musika lagun dutela, mozorro kalejira eginen dute Bakaikun barna. Ihote segizioaren ibilera plazan bukatuko da, txokolatea dastatzeko aukera izanen dute orduan. Iturmendi Igandean mozorro desfileaDomeka arratsaldean mozorroak Iturmendiko plazaz eta frontoiaz jabetuko dira. Haurrak izanen dira protagonista eta pixkanaka-pixkanaka etxetik atera eta bilduko dira, mozorrotutako guztiak. 17:00etarako kalean mordoa izanen dira. 17:30ean herrian barnako kalejira abiaraziko dute, txistularien doinuekin lagunduta. Ibilbidea plazan despedituko da, bai mozorrodun txikiendako baita haiekin batera ibiliko den dragoiarendako ere. 18:30 aldera, txokolatea dastatzeko aukera izanen da. Eguraldiak laguntzen ez badu frontoian hartuko dute aterpea. Astearte inauterirako Aizkozar elkarteak mozorrotuen kalejira antolatu du, 19:00etan. Ondoren, elkartean, txerri hankak afaltzera bilduko dira. UrdiainMomoxarro egunakLarunbatean ospatzen den manta egunarekin hasiko dira ihoteak Urdiainen. Gainera giroa berotzeko aurten herri bazkaria egonen da Aitziber elkartean. Arpilerazko mantak soinean jantzita, hau da goitik behera zakuak jantzita dituztela, ikusi ahal izateko bi zulo eginda, inguruan dituztenak zirikatu eta berotuko dituzte mozorrotutakoek. "Mantaguna guna, guna, guna, zakuan kunkuna" kantatuko dute. Adin guztietako urdiaindarrek parte hartuko dute manta egunean. Hari segida momoxarroek hartuko diete. Momoxarroak, bai txikiak bai handiak, goitik behera janzten dira, aurpegia bera ere estaliz. Hainbat itxura har dezakete: ardi-narruak dituzte batzuk, buruan txano konikoa jantziko dute besteek, ohe-estalkiak hangoak, farak eta beste. Guztia identitatea ezkutatzeko. Arratsalde osoa mozorrotuta egon eta gero, 20:00etan jakinen da zein da zein, orduan aurpegiko tapakiak kentzen baitituzte. Ildo honetan, domekan momoxarro txikien txanda izanen da. Arratsaldeko zortziak bitartean, arratsalde osoa, aurrera eta atzera ibiliko dira momoxarro txikiak, jendearen atzetik, haiek berotzeko asmoz. Arratsalde partean, gainera, txokolatada izanen da Urdiaingo plazan. Domekarekin zenbait heldu momoxarroz janzten bada ere, haien eguna, momoxarro handien eguna, asteartea da. Txikitan ikasitako jokabidea errepikatzen dute momoxarro handiek astearte arratsaldean. Korrikaldi ederrak egin eta eginarazteaz aparte, momoxarroek ere antzezpenak egiten dituzte sarri. "Momoxarro xirrikiti xarro, esportero molinero, zaia janda putza gero, arre molinero" kantatuko dute. Bestalde, sorgin afaririk ere izanen da asteartean Urdiainen. AltsasuSardiniako zaporea hartuko du inauteriakIhoteen Aldeko Batzordeak gogor lan egin du aurtengo inauteria prestatzeko. Altsasun eta herritik kanpo ere erakutsi dute herri inauteriaren edertasuna. Hala, larunbatean, batzordeko 50 bat kide Lizarran izan ziren, Altsasuko inauteriaren pertsonai guztiekin batera. Lizarrakoaren ostean, herrian bertan prestatu duten guztia primeran atera dadin ahaleginduko dira batzordekideak. Prestaketa lanak irailean hasi zituzten, orduan Sardiniako Orosei herriko inauteri batzordea haiekin harremanetan jarri, eta ihote segizioen bisita trukea egiteko ideia ontzen hasi zen. Hasiera batean sardiniarrak astearte ihoteko segizioan parte hartzeko nahia azaldu zuten altsasuarrek, baina lan kontuek aukera hori eragotzi ondoren, inauterien aurreko asteburuan hainbat ekitaldi prestatzea erabaki zuten. Asteburu beteaOroseitik 25 bat pertsona etorriko dira asteburuan Altsasura. Cantores de Santa Maria abesbatzako kideak dira, baina hango herri inauteriaren berri ere emanen dute, horretarako beharrezko mozorro guztiak ekarriz. Bat baino gehiago harritu eginen da momotxorroekin duten antzekotasunagatik (bizkarrean 40 kilo fara daramate), edo dituzten egurrezko maskara ederrengatik. Espirituak uxatu eta natura esnatzeko asmoz antolatutako inauteria da hura ere eta altsasuarrek abenduan bueltatuko diete bisita, Sardinian orduan ospatzen baitute inauteria. Oroseidarrak gaur espero dituzte Altsasun. 17:30ean herri harrera eginen diete Foruen plazan dantza, txistulari, txalaparta eta agurrarekin. Ondoren, udaletxean harrera ofiziala jasoko dute Sardiniako bisitariek. Protokolozko ekitaldien ondoren, gaztetxean, 19:00etan, bi herrietako inauteriei buruzko hitzaldia izanen da. Hitzek kalejirari emanen diote txanda. Zubiondo kantu taldeak, gaztetxeko trikitilariek eta sardiniarrek osatutako segizioa Altsasun barna, txandaka, kantuan ariko da. LarunbataBi aukera izanen dira larunbatean Sardiniako inauteriak bertatik bertara ezagutzeko. 13:00etatik aurrera, Haize Berriak bandako fanfarrearen eta Burundako txistularien laguntzarekin Alde Zaharreko kaleetan barna ibiliko da segizio sardiniarra. Altsasuko inauterien estandarteak zabalduko du martxa. Indarrak hartzeko, inauteri batzordeak paella jate herrikoia antolatu du Labaderoko eraikinean. Bazkalosteak luze joko du eta 19:30ean, Sardiniako segizioa, berriro, kaleez jabetuko da. Oraingoan gaztetxeko trikitilarien eta Erkudengo Ama abesbatzaren laguntza izanen dute eta zabalkundean barna ibiliko dira. Eguna 23:00etan izanen den kontzertu batekin despedituko da. Batzorde antolatzaileak altsasuarrak segizioetan parte hartzera deitu ditu. Txikiak nagusiDomekan txikien inauteria ospatuko da. Ihote giroa eguerditik izanen da. 13:00ak aldera, Sardiniako inauteriaren segizioak Zelai kalea iparraldetik hegoaldera zeharkatuko du, eta bere ibilbidea ordu erdi geroago bukatuko da plazan. Han bildutako guztiendako auzatea izanen da. Arratsaldez, 18:00etatik aurrera, mozorrotu txikien biltoki bihurtuko da Foruen plaza. Mozorrotutako haurrak jabetuko dira plazaz eta Mugi-mugi taldeak dantzaldia eskainiko du haiendako. Txokolate jatea ere izanen da. Aurten, gainera, Udaleko Gazteria Sailak antolatutako hanka-palo eta malabare tailerrean parte hartu duten gazteek ikasitakoa erakutsiko dute. Asteartean herri inauteria14:30ean Herri bazkaria, Labadero eraikinean.16:30ean Puska biltzea, Alde Zaharrean.17:00etan Momotxorro txikien elkarretaratzea eta txokolatada Zumalakarregi plazan. Agoizko burrunbak eta Impresentables txarangak alaituko dute giroa. 17:30ean Bildutako jakiekin herri merienda Gure Etxea ondoan. 17:45ean Momotxorro txikien segizioa abiatuko da. 18:30ean Torraden dastatzea Gure Etxea eraikinean. Momotxorro txikien dantza Foruen plazan eta kalejira Zelandiraino. 19:00etan Herri inauteriko elkarretaratzea Zelandi pilotalekuan. 19:30ean Inauteri segizioaren irteera. Txorongo eta Impresentables txarangek, txistulariak, Sakanako gaiteroak eta Agoizko burrunbak lagunduko dute. Akelarrean Zumalakarregi plazan. 20:00etatik 21:00etara dantzaldia Joselu Anaiak taldearekin. 21:00etan Foruen plazara iristea eta Momotxorroen dantza. Ezkil-jotzea, mozorroak kentzea eta mozorro dantza. 22:00etatik 1:30era dantzaldia Joselu Anaiak taldearekin. Altsasuko Inauterien Aldeko Batzordeak ospakizunak aurrera eramateko laguntza eman duten erakunde guztiei esker ona azaldu die. Bestalde, gogora ekarri dute Sardiniarrek haien produktuak salgai jarriko dituztela. Batzordeak, bestalde, gastuei aurre egiteko momotxorroen irudiak dituzten pegatinak salgai jarri dituzte. Bazkarietarako txartelak ere, ohiko tokietan salgai daude, zortzi euroan. Baina asteartekoarekin ez da guztia bukatu. Heldu den larunbaterako piñata larunbata edo hiri inauteria prest dago. Beraz, bost egun izanen dituzte altsasuarrek ihoteez gozatzeko. OlatzagutiaHerri inauteriaren txandaMaisuenea gaztetxeak, Inauteri Herrikoien Aldeko Batzordeak, Olaztiko Udalak eta Jai eta Gazteriaren Batzordeak antolatuta aurreko larunbatean hasi ziren ihoteak, inauteri herrikoiekin. Primerako giroan herritar ugari sartu zen zamar handi, zamar txiki eta nesken paperean, eta Mari Arrokak ere ez zuen huts egin. Zortzikoarekin despeditu zen festa, baina atzera ere mozorrotzeko garaia heldu da Olaztira, bihar herri inauterietako larunbata izanen baita. 12:00etan kalejira izanen da Jaiak txarangarekin. 12:30ean inauteriko karrozen kontzentrazioa izanen da futbito pistan, eta bertatik abiatuta kalejira eginen da, txarangarekin, herriko kaleetan barna. 14:30ean bazkari herrikoia antolatu dute pilotalekuan, eta bazkalondoa eta ondorengo poteoa Jaiak txarangak animatuko du. Jai giroa are gehiago berotzeko 20:00etatik 23:00etara Eusko Disko festa izanen da eta parranda ordu txikietara arte luzatuko da. Asteartean haurrak nagusiNolanahi ere ospakizunek asteartean izanen dute segida, astearte ihotean txikienak atzera ere mozorrotuko baitira. 17:30ean ikastolako parketik abiatuko da txikien mozorro desfilea, Jakin eta Jolas pailazoek giroa alaitzen duten bitartean. Pilotalekura helduta bertan merendola mundiala egingo dute. ZiordiaHaurrak protagonistaAstearte inauteri arratsaldean izanen dira inauteri ospakizunak Ziordian. 17:00etan haurrak mozorroa jantzia dutela bildu eta trikitixak lagun herrian barna kalejiran ibiliko dira. Ibilbidea bukatu eta gero mozorrotutako txikiak txokolate bero-beroa dastatzeko aukera izanen dute elkartean. *Oharra: Etxeberrin, Hiriberrin eta Ihabarren hurrengo asteburuan ospatuko dituzte inauteriak, Altsasuko piñata inauteriarekin batera.