Asteburuan hasiko da afizionatuen 2009ko egutegia, igandean Soraluzen jokatuko den Soraluzeko X. Sariarekin. Lasterketan 23 urtez azpiko txirrindulariak ariko dira lanean. Asteburu honetan hasi eta irailaren 27ra bitartean, guztira, afizionatu mailako 76 proba jokatuko dira Euskal Herrian, eta tartean bi lasterketaz gozatzeko aukera izango dugu Sakanan: abuztuaren 27an Lakuntzan jokatuko den XVIII. Lakuntza Sariaz, Aralar Txirrindularitza Taldeak antolatuta, eta irailaren 9an Altsasun jokatuko den LXXX. Altsasu Txirrindularitza Probaz, Sociedad Deportiva Alsasua taldeak prestatuta. 14 taldeAurten 14ra jaitsi da aipatu lasterketetan lehiatuko diren talde euskaldunen kopurua. Rural Kutxa (Ferrari, Lana, Bravo, Gonzalez eta Filgueira nabarmentzen dira), Café Baque (Oriol Llesuy, David Gutierrez eta Igor Romero azpimarragarrienak) eta Bidelan-Kirolgi (Ugaitz Artola, Carlos Delgado edo Jon Garate tartean, baina iaz arte aritutako Patxi Mundiñano ez da ariko) talde klasikoek beren ibilbidearekin jarraituko dute. Azysa, Seguros Bilbao (Pardo, Morras, Agesta, Anton, Izagirre...), Lizarte (Javier Iriarte, Neguruela, Sanz, Iraizoz, Atxa...) eta Koplad Uni 2 proiektuak ere indartu dira. Araban Naturgas Energia taldeak (Mikel Landa, Noel Martin, Xabier Zabalo olaztiarra, Rural Kutxatik heldua...) aurrera jarraitzen du, eta baita Nafarroako Telco-Interconsek ere. Eta badaude horren famatuak ez diren taldeak baina lan handia egiten dutenak: Belca, Bruesa, Debabarrena, Ibaigane eta Latorre-Palplastic. Bestalde, aipatzekoa da Azpiru-Ugarte eta Urnieta taldeak desagertu egin direla. Hortaz ikuskizuna asteburuan hasiko da. Gara egunkariak, urtero moduan, Euskaldun txapelketako onenak (23 urtez azpikoak eta eliteak), Lehendakari txapelketakoak (19 eta 20 urtekoak) eta Debutante onenak sarituko ditu. Soraluzeko lasterketaz gain, Sakanako Rural Kutxak Espainiako Kopan parte hartuko du, Don Benito Klasikoan hain zuzen.