Afizionatuak lehian Soraluzen eta Guadianan

Guaixe 2009ko otsailaren 23a

Asteburuan hasi zen txirrindulari afizionatuen egutegia. 23 urtez azpiko Soraluzeko lasterketarekin. Caja Rural talde sakandarrari eta Seguros Bilbaori aurrea hartu eta Naturgas nagusitu zen euskal egutegiko lehen proban. Hasieratik Rural Kutxa mugimenduak egiten hasi zen, eta 50. Kilometroan 21 txirrindularik ihes egin zuten, 50 segundoko aldea atera zutenak. Han zeuden Rural Kutxako lau txirrindulari, Naturgaseko hiru, Seguros Bilbaoko hiru, Debabarrenako hiru, Belaneko eta Kopladeko bina eta beste batzuk. Atzeko tropelean Lizartekoak lanean hasi ziren eta ihes egindakoak harrapatzea lortu zuten, baina oraindik ere erasoak izan ziren. Ohikoa denez Asentzio igoeran erabaki zen proba, helmugarako 10 kilometroren faltan. Naturgaseko Landa izan zen Asentzion lehena, Morras (Seguros Bilbao) eta Ruben Garcia (Rural Kutxa) 10 segundora zituela, baina jaitsieran hirurek egin zuten bat. Hirukotearen arteko erasoak izan ziren ondoren, eta guztietan azkarrena Naturgaseko Mikel Landa izan zen (2:36:50). Ruben Garcia (Rural Kutxa) bost segundora sartu zen eta Alberto Morras (Seguros Bilbao) 13 segundora. Rural Kutxako Pablo Torres laugarrena izan zen, 20 segundora, eta haren taldekide Enrique Sanz zazpigarrena, 31 segundora. Bestalde, Espainiako Koparako baliagarria den lehendabiziko lasterketa jokatu zen Guadianako Zirkuituan. Nahiz eta Lizarteko Javier Iriartek eta Rural Kutxa talde sakandarreko Guillermo Lanak ihesaldi saiakerak burutu, azkenean esprintean bukatu zen etapa eta garailea Ciudad de Oviedoko Daniel Ania izan zen.