Alberto Contadorrek lehendabiziko tiroa jaurti du Algarveko Itzulian

Guaixe 2009ko otsailaren 23a

Atzo despeditu zen Portugalgo Algarveko Itzulia, Vila do Bispo eta Portimaoko bosgarren etaparekin. Etapa Cerveloko Heinrich Hausslerrek alemaniarrak irabazi zuen, esprintean Silence Lottoko Greg van Avermaet eta Quick Stepeko Wouter Weylandt belgiarrak garaitu eta gero. Algarveko Itzuliko garailea Astana taldeko Alberto Contador izan da. Ohi duen moduan, tiro eginen balu bezala ospatu zuen Contadorrek bere garaipena, aurtengo denboraldiko lehena. Contadorrek soilik entrenatzeko asmoa omen zuen Algarven, eguraldi ona aprobetxatu eta bertan entrenatzeko, baina laugarren etapako erlojupekoan sekulako erakustaldia eman eta garaipena eskuratu eta gero, sailkapen orokorrean lehen postua mantentzea lortu du. Tourra du helburu Contadorrek, baina beste lasterketa batzuk ahaztu gabe. "Asko pozten naiz eguraldi onagatik Algarveko itzulia aukeratu izanagatik. Hobeto ateratzea ezinezkoa da" adierazi zuen. Contadorrek bigarren sailkatuari, Quick Stepeko Chavanel txirrindulariari, minutu eta sei segundoko aldea atera zion. Euskaltel Euskadiko Egoi Martinez 18.a sailkatu da sailkapen orokorrean, 2:58ra; Euskalteleko Gorka Verdugo 19.a, 3:03ra; eta talde bereko Pablo Urtasun urdiaindarra 127.a, 20:30era.