Nagore sailkatu da Quintanar de la Sierrako Irekiko finalerdietarako

Guaixe 2009ko otsailaren 23a

Asteburuan jokatu dira Quintanar de la Sierrako Irekiko final zortzirenak eta laurdenak, lau t´erdian. Final zortzirenetan Nagorek aurrera egin zuen Larramendiri bi jokoetan irabazita, eta aldiz, Jon Gorriti uhartearra bidean geratu zen, Urdanizen kontra galdu eta gero. Lehia nahiko parekoa izan zen, baina azkenean bi tantotan nagusitu zen Urdaniz, hori bai, nahiko juxtu (6-10, 7-10). Final laurdenetan kaiolan espezialista hutsa izaten jarraitzen duen Jorge Nagorek ez zuen aparteko arazorik izan Urdaniz menpean hartzeko, jokatutako bi jokoetan nagusitu baitzen irurtzundarra (10-4 eta 10-3), bere sake zitalekin min handia eginez. Hortaz, hurrengo larunbatean, hilak 28, jokatuko diren finalerdietarako sailkatu da Jorge Nagore. Nagore Mikelen kontra ariko da eta Antxia Amantegiren kontra, larunbatean, 21:00etan, Quintanar de la Sierrako pilotalekuan. Finala igandean jokatuko dute aipatu bi lehietako irabazleek, toki berean, 17:00etatik aurrera. Pilota emaitzak. Atzo Astelenako jaialdia zabaltzen zuen lehian, Olazabali eta Arrutiri 21-22 irabazi zioten Aritz Lasak eta Oskar Lasak. Bukaerako partidan, Alberto Ongay satrustegiarrak galdu egin zuen, 18-12, Galarza V.aren kontra.