San Donato futbol zelaian jokatu zuten Etxarri Aranatzek eta Iruñeko Unibertsitate Publikoko taldeak. Hasieran Etxarri noraezean aritu zen, esnatu gabe bezala, baina UPNAk ez zuen egoera aprobetxatzen jakin. Gol aukerak huts egin zituen Iruñeko taldeak, bai euren akatsengatik, bai zurtoinaren kontra joan zirelako eta baita Etxarriko atezain Victor bikain aritu zirelako. Lehen zatia bukatzear zela Etxarrik zortea izan zuen, UPNAko defentsa batek atezainari egindako pase oker batez probestu baitzen Moreno, Etxarri Aranazko markagailua mustutzeko. Bigarren zatian etxeko taldea hobeki aritu zen, aukera gehiago izan zituen eta bigarren gola lortu zuten etxarriarrek, aldeko penalty argi bat aprobetxatuta. Moreno izan zen penaltya sartu zuena. 2-0 irabazi zuten etxarriarrek. Altsasuk Dantzalekun jokatu zuen larunbatean, Donezteberen kontra. Partida ona izan zen eta Altsasuk gehiago merezi zuen, baina taldeak soilik hamaika jokalari erabili ahal zituen,ezin izan zituen aldaketarik egin, aurreko jardunaldiko Infanzonesen kontrako partidan zortzi santzio jarri zizkiotelako modu injustuan; horrek, jakina, partidan eragina izan zuen. Hala ere, altsasuarrak izan ziren aurreratu zirenak, Igorrek sartutako gol bati esker, baina 48. minutuan heldu zen Mikelen berdinketaren gola. Atzera ere Altsasuko Xabiri esker Altsasu 2-1 aurreratu zen 58. minutuan, baina partida bukatzear zegoela, 90. minutuan Doneztebeko Ivanek bina berdindu zuen eta 94. minutuan, deskontu denboran, Donezteberen hirugarren eta garaipen gola heldu zen, Anderrek sartutakoa. Altsasuk ez zuen bukaera hori merezi, 11 jokalarirekin lan itzela egin baitzuen, baina azken orduan ihes egin zion garaipenak. Erregional mailako sailkapenean Infanzones taldea da liderra, 44 punturekin. Goiko postuetan lehia handia da eta distantziak motzak, Etxarri Aranatz laugarrena baita 40 punturekin. Altsasu, aldiz, zazpigarrena da 25 punturekin. Larunbatean Aiegin jokatuko du Altsasuk, 8 puntu eskasekin sailkapenean azkena den Arenas taldearen kontra. Ea bertatik puntuak dakartzan Altsasuk. Bestalde, Lekunberrin jokatuko du Etxarri Aranatzek, 11 punturekin azkenaurrekoa den Beti Kozkor taldearen kontra. Etxarriko taldearendako goiko postuetako lehian inportantea da irabazi eta hiru puntuak pilatzea. Ea horrela den.