Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Irurtzungo Urrutia harategiak eta Lakuntzako Agirre harategiak finalistak izan dira Etxeko Txorizo Onenaren XIII. Bilbo Hiria lehiaketan. Aurreko astean izan zen lehiaketa Bilbon. Bigarren urtez jarraian Arrasateko Jose Mari Salegik irabazi du lehiaketa. Txarriduna, Txerriaren Akademiak, Tripas y Especias Fco Javier Zuazaga eta Iruña eta La Granja kafeek antolatu dute lehiaketa. Gordinik jateko 96 txorizo aurkeztu ziren lehiaketara, Bizkaitik 37, Gipuzkoatik 32, Arabatik 8, Kantabriatik 7, Errioxatik 6, Nafarroatik 4 eta Extremaduratik 2. Sakanako txorizo ekoizleak saria ibarrera ekartzerik izan ez badute ere, zazpi finalisten artean sailkatzea lortu dute. Antolakuntzak aurreko ostegunean banatu zuen saria, La Granja kafean Txarriduna akademiaren egoitzan. Bestalde, lehiaketara aurkeztutako txorizoak, 400 kilo, 6.000 pintxotan banatu zituzten kafe antolatzaileetako bezeroen eta ingurutik pasatzen ziren oinezkoen artean. Lehiaketak Bilboko ihote egutegiari hasiera eman zion.