Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Duela bi eta hiru urte jaiotako haurrak ikastetxeetan aurrematrikulatzeko epea hastear dela jakinik, Sakanako Mankomunitateko Euskara eta Immigrazio Zerbitzuek gurasoei mezu garbia zabaldu nahi izan dute: D ereduaren alde egin. Mankomunitateko zerbitzuetako arduradunek aitortu dute guraso batzuen artean hezkuntzako A, B eta D ereduei buruzko "kezkak eta zalantzak" sortzen direla. Hala ere, nabarmen du dute "Sakanako bi hizkuntza ofizialak, euskara eta gaztelania, ikasteko aukera eman dezakeen bakarra D eredua" dela. ArgudioakCastillo Suarezek, Elvira Lizeagak eta Begoña Zestauk, Mankomunitateko Euskara eta Immigrazio Zerbitzuetako teknikariak azpimarratu dute D eredua dela "euskara zein gaztelania menperatzeko aukera ematen duen bakarra". Eta nabarmendu dutenez "eredu horrek esperientzia zabala jaso du, Euskal Herriaz gain, Katalunian, Kanadan edota Belgikan ere". Teknikariek gurasoei D ereduarekin "gaztelania behar bezala ez ikastearen kezka" baztertzeko eskatu diete, "egoera soziolinguistikoa dela-eta, neska-mutilek erraz ikasten baitute gaztelania euren lehen hizkuntza beste bat denean ere". Euskara eta Immigrazio zerbitzuetako teknikariek, bestalde, ziurtatu dute "derrigorrezko hezkuntza despeditzerakoan euskara ikasten ez duten gaztetxoek, gerora, zailtasunak izaten dituzte euskara behar bezala erabiltzeko". Azkenik ideia bat ere nabarmendu dute Castillok, Elvirak eta Begoñak: "eguneroko bizitzan ongi integratzeko eta lan munduan aukera berberak izan ditzaten, Sakanako Mankomunitateak D ereduaren aldeko apustua egitera animatu nahi ditu haur hauen gurasoak".