Oraindik ez dira bukatu!

Guaixe 2009ko otsailaren 26a

Miel Otxin Etxeberrin izanen daLarunbatean ospatuko dituzte inauteriak Etxeberrin. Arratsaldeko zortzietan mozorrotuen kalejira izanen da Miel Otxinekin batera, musikaz lagunduta. Herriari buelta eman eta gero plazan erreko dute Mielotxin lapur gaiztoa. Eta ondoren nahi duten guztiek afaltzeko aukera izanen dute Herrierdi elkartean. Aipatzekoa da hileko azken larunbatero herri afaria izaten dela elkartean, eta bazkideak txandatu egiten direla afaria prestatzeko. Batez beste 30 herritar biltzen dira aipatu afarietan, primerako giroan, eta aurten inauteriekin bat egin du azken hileko ospakizunak. Bapo afaldu eta gero Etxeberriko mus txapelketaren 2. jardunaldia jokatuko da. Hiriberrin, mozorrotu txiki handiakBihar inauteria ospatuko da Hiriberrin. Hori dela eta, ihote bazkaria izanen da Txitera elkartean. Hiriberriarrak mahaira 15:00ak aldera eseriko dira mahaira. Txikienak ordurako ziurrenik mozorrotuak izanen dira. Haiek izanen dira, gainera, arratsaldeko segizioko protagonistak.Ihabarren Aitezarkoa, Landarra, Ninia eta HartzaIhoteekin batera Ihabarrera bueltatuko da familia berezi hori. Inauteri ospakizunak larunbat goizean hasiko dira Ihabarren. Moxorroek goizetik puska biltzea eginen dute, bildutakoarekin gero elkartean bazkaria egiteko. Behin mahaitik jaiki eta gero moxorroak etxez etxeko errondan ibiliko dira eta bakarren bat berotzeko aukera ere baliatuko dute. Gauean mozorrotuen herri afaria izanen da eta parrandak ordu txikiak arte iraunen du herriko bajeran, dantzaldia eta musika izanen baita. Larunbateko parrandaren ondoren, igandean herri bazkarian bilduko dira ihabardarrak. Arratsaldean txokolatada izanen da plazan. 18:30 aldera, Aitezarko, haren emazte Landarra, haien Ninia - oihaletan bildutako egur puska bat, haurra bailitzan - eta hartza agertuko dira Ihabarren. Haiekin batera moxorroak herrian barna kalejiran ibiliko dira, txistularien laguntzaz, eta moxorroak, ohi dutenez, jendea astinduko dute. Aitezarko "gaiztoa" denez, sutan erreko dute ihabardarrek, Landarra eta Ninia negar malkotan daudela. Ondoren txistorrada izanen da. Altsasun mozorro-festak hiri inauteriarekin segida duBiharkoan hiri inauteria ospatuko dute Altsasun. Lagun koadrilek eta familiek dagoeneko prest dituzte euren mozorroak, baita bazkariak ere. Eguerditik aurrera irudimena Altsasuko kaleez nagusituko da. Beti ere, musika lagun duela. 12:30etik aurrera Txorongo txarangak kalejira eginen du. Haize Berriak Mariatxi Banda ere ordu berean abiatuko da Iortia plazatik. Bestalde, 18:00etan, bandak kontzertua eskainiko du Txutxin Ibañez musikariarekin batera.Mozorro dantzaldirako doinuak Jamaika show orkestrak jarriko ditu. 20.00etatik 22:00etara eta 24:00etatik 03:00etara izanen da plazan dantzatzeko aukera.