Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Nafarroako Kirol Institutuaren, Nafarroako Kutxaren eta Herri Kirol Federazioaren laguntzarekin, Sakanako Aizkora Eskola eta Zentro Teknikoa antolatu du atzera ere, aizkoran aritu eta ikasi nahi dutenek non aritu izan dezaten eta klaseak aizkoran ofizio handia duten irakasleekin ikas dezaten. Gehienez ere 15 pertsonako taldea onartzen zen eta hain zuzen ere 15 sakandarrek eman dute izena aipatu aizkora eskolan. Ondokoak dira Sakanako Aizkora Eskolan izena eman dutenak: Julen Paniagua, Kepa Paniagua, Arkaitz Txueka, Jesus Mari Agirre, Iban Resano, Sergio Ondarra, Joseba Jimenez, Fidel Jimenez, Jon Perez de Villarreal, Igor Jaka, Pello Migel Iraurgi, Juan Francisco Iraurgi, Aitor Urteaga, Goizeder Beltza eta Iñaki Vazquez. Hauetatik batzuk aurretik eskolan izandakoak dira, baina gehienak berriak dira. Aizkora eskolako eskolak larunbat honetan hasi eta maiatzaren 30ean despedituko dira. Eskolako begiraleak Floren Nazabal aizkolari profesionala, Jose Ignazio Flores aizkolari arbizuarra eta Florenen aita eta aizkolari izandako Juan Mari Nazabal izanen dira. Bereziki teknika irakatsiko diete ikasleei, eta enbor gainean eginen dituzte lanak. Klaseak Nazabaldarren bordan emango dituzte, asteazkenetan 19:30etik 20:30era eta larunbatetan 12:00etatik 13:00etara. Izena ematen dutenek derrigorrezkoa izanen dute klasera joatera.