Nafarroako Herri Kirol Jolasak 2009 abian

Guaixe 2009ko otsailaren 26a

Nafarroako Herri Kirol Federazioak Nafarroako Kirol Institutuarekin batera Nafarroako Herri Kirol Jolasak 2009 txapelketa antolatu du. Txapelketa igandean hasiko da, Etxarri Aranazko pilotalekuan goizeko 11:00etatik aurrera jokatuko den lehen saioarekin, eta lau jardunaldi jokatu eta gero finala apirilaren 5ean erabakiko da, Berriozarren. Altsasuk hirugarren jardunaldia hartuko du, martxoaren 15ean. Taldeak mistoak izan ohi dira, eta hiru kategorietako neska-mutilek hartzen dute parte: kimu mailakoek (11-12 urte), haur mailakoek (13-14 urte) eta kadete mailakoek (15-16 urte). Haur eta kadete mailetan bi txapelketa egiten dira: soka-tira eta proba konbinada, koxkolak biltzea, zaku lasterketa, txingak korrika eta trontza modalitateak biltzen dituena. Alebin mailako haurrek, berriz, soilik proba konbinatua burutuko dute, eta kasu honetan trontza modalitatea ez da egiten. Talde sakandarrak laneanKimuen mailan (97-98) 9 talde ariko dira proba konbinatuan: Berriozar A, Berriozar B, Ultzama, Basaburua, Igantzi, Arantza, Etxarri Aranazko Andra Mari, Etxarri Aranazko Trumoiak eta Altsasuko Iñigo Aritza. Haurren mailan (95-96) lau talde ariko dira proba konbinatuan: Berriozar, Ultzama, Basaburua eta Andra Mari, eta Ultzama izan ezik gainontzeko hiru taldeak ariko dira soka-tiran. Azkenik, kadeteen mailan (93-94), proba konbinatuan Basaburua, Txantrea, Etxarri Aranazko Andra Mari eta Etxarri Aranazko Putterri ariko dira, eta sokatiran aipatutako lau taldeak eta Altsasuko Iñigo Aritza.