Sakanako boluntarioek GR20 Aralarreko Bira konponduko dute

Guaixe 2009ko otsailaren 27a

Izena emana duten boluntarioek ikastaro teoriko praktikoa jasoko dute bihar Etxarri Aranatzen eta martxoaren 5ean GRari buruzko eztabaida publikoa eginen da IrurtzunenZenbait urtetan deskatalogatuta egon dira Nafarroatik pasatzen ziren iraupen luzeko ibilbideak - "Gran Recorrido" edo GR delakoak, gazteleraz - Nafarroako Gobernuak haien mantenua egiteko diru laguntzarik ematen ez zuelako. Nafarroako Mendizale Federazioak hartu zuen erabaki hori, aipatu bideak behar bezala seinaleztatuta eta zainduta ez zeudelako. Baina duela bi urte Nafarroako Gobernuak diru laguntza eman zuen lau iraupen luzeko ibilbide edo GR berritzeko: GR12 Sendero Euskal Herria - Ur Banatzailea deritzona, GR11 Pirinioetako Bidea, GR20 Aralarreko Bira eta GR 220 Iruñerriko Bira. Nafarroako Mendi Federazioak erabaki zuen boluntarioen bidez berreskuratu behar zirela GR horiek eta iaz makina bat boluntariok, tartean sakandarrek, lehendabiziko biak berreskuratu zituzten: GR 12 Euskal Herria Bidea eta GR Pirinioetako Bidea. Zehazki, Etxarri Aranazko Larrañeta elkarteko lau boluntariok GR 12ko Lizarrusti-Lekunberri etapa markatu zuten. Aurten beste biak berreskuratzeko asmoa dago, GR 20 Aralarreko Bira eta GR 220 Iruñerriko Bira. Atzera ere mendizale boluntarioak ariko dira lan horietan eta dagoeneko Olazti, Altsasu, Etxarri Aranatz, Lakuntza, Irurtzun eta Lekunberriko 22 boluntariok eman dute izena GR 20 Aralarreko Bira berreskuratzeko. Lana behar bezala egiteko formazio teoriko praktikoa jasoko dute boluntario hauek bihar, otsailaren 28an, Etxarri Aranazko Kultur Etxean, goiz eta arratsaldez, Nafarroako Mendi Federazioko teknikarien eskutik. Besteak beste ibilbideak markatzeko zein neurri homologatu dauden aztertuko dute, ibilbide luzeak edo GRak margo gorria eta txuriarekin markatzen direla ikasiko dute, eta aipatu markak zein tokitan egitea komenigarria den ikusi. Pintatu ezin den tokietan estakak jarri behar direla ere ikasiko dute.  GR 20 Aralarreko Bira definitzeko eztabaida publikoaBehin boluntarioak formatuta daudela, GR 20 Aralarreko Birari buruzko eztabaida publikoa egingo da Irurtzungo Iratxo mendi elkartean, martxoaren 5ean, 17:00etan. Bertan agertzen diren guztien artean - boluntarioak, mendizaleak, Sakanako udal eta Mankomunitateko ordezkariak... guztiak gonbidatuta baitaude - erabakiko da aipatu GRa zein etapatan banatuko den. Horren arabera boluntarioak talde ezberdinetan antolatuko dira, ibilbideko etapa guztiak markatzeko.