Martxoaren 8a, emakumearen eguna dela eta Altsasuko Feministak eta Bilgune Feminista taldeak bildu eta egitaraua prestatu dute. Espainian egun indarrean dagoen abortuaren legea aldatzeko bideari ekin diote eta, hori baliatuz, talde feminista sakandarrek abortua "libre eta doan" aldarrikatuko dute martxoaren 8a dela eta prestatutako ekitaldietan. Espainiako Kongresuko azpi batzorde batean aztertu dute abortuaren gaia eta berriki PSOEk ondorioak aurkeztu ditu. Txosten horrekin Espainiako Gobernuak abortuaren legearen inguruko erreforma proiektu berria egin beharko du. Txostena babestu duten alderdiek epekako lege baten aldeko jarrera azaldu dute. Lege proposamen berriak aurrera eginen balu, antza, haurdunaldiaren lehen 14 asteetan abortatzeko aukera legoke. Horretaz gain, 14. astetik 21. astera egun indarrean dauden hiru aukerak mantenduko lituzke. Zigor Kodeak, gaur egun, haurdunaldia eteteko hiru kasu onartzen ditu: amaren osasuna arriskuan egotea; fetuaren malformazioa eta bortxaketa. AldarrikapenaAltsasuko Feministak eta Bilgune Feministako kideendako abortuaren gaiak "Zigor Kodetik kanpo egon behar du. Librea eta despenalizatuta egon behar du". Talde feministek, aldi berean, aldarrikatu dute lege berriak "gizarte-segurantzan abortatzeko aukera bermatu behar duela". Hori posible egiteko talde feministek "kontzientzia-eragozpena arautzea" ere eskatu dute. Azkenik "sexu heziketa izan dadila" aldarrikatu dute. "Azken finean, emakumeak uneoro erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu dute Altsasuko Feministek eta Bilgune Feministak. Nafarroa Sakanako talde feministek gogora ekarri dute 2007an 700 emakume nafarrek eten zutela haurdunaldia. Nabarmendu duenez, "guztiak Nafarroatik kanpo". Abortatu zuten emakumeen %92,42 haien osasunerako arriskua zegoelako egin zuten. Feministek emandako datuen arabera abortatu zuten emakume nafarren %80,28 haurdunaldiaren 12. astea baino lehen egin zuten. Egitaraua4 meses, 3 semanas y 2 díasMartxoaren 3an, asteartearekin, 19:00etan Altsasuko Iortia kultur gunean. 4 meses, 3 semanas y 2 díasMartxoaren 4an, asteazkenarekin, 19:00etan Etxarri Aranazko kultur etxean.Abortua Nafarroan txostenaren aurkezpenaMartxoaren 5ean, ostegunarekin, 19:00etan Altsasuko Iortia kultur gunean. BazkariaMartxoaren 7an, larunbatarekin, Altsasuko Zubi-ondo elkartean.Abortua, libre eta dohainMartxoaren 8an, igandearekin, 13:00etan Etxarri Aranazko plazan kontzentrazioa. Ondoren trikipoteoa.Abortua, libre eta dohainMartxoaren 8an, domekarekin, 19:00etan Altsasuko plazatik abiatuta manifestazioa.