Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko kultur guneak Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren finalerdia hartu zuen joan zen larunbatean. Bi belaunaldik topo egin zuten Iortia kultur guneko oholtzaren gainean: Jon Elizetxek, Aimar Karrikak, Alazne Untxalok eta txapelketa mustu berri duen Saioa Alkaizak ondoan izan zituzten Miguel Maria Elosegi Luze eta Xabier Silveira beteranoak. Ihoteak kalean utzita, 200 bat lagunek 6 bertsolarien lanarekin gozatzeko aukera izan zuten. Sorpresei tarterik utzi gabe, Xabier Silveira izan zen bertsolaririk onena. 346 puntu lortu zituen lesakarrak, eta finalerako zuzenean sailkatu da. Haren atzetik sailkatu zen Jon Elizetxe, 307,5 punturekin. Hirugarrena, Miguel Maria Elosegi Luze izan zen, 299,5 punturekin. Goizuetako mailaren azpitikAltsasuko saioak bertso onak eman zituen, baina orokorrean Goizuetako mailaren azpitik egon zen. Horren adierazle dira bertan banatu ziren puntuak. 307,5 punturekin Altsasuko bigarrena izan zen Jon Elizetxe. Bada, puntu kopuru berarekin, Goizuetan laugarrena izan zen Eneko Lazkoz. Etxarriko bertsolariarendako mesedegarriak dira emaitza horiek. Finalerdiko saioetan lehenengo sailkatuak dira zuzenean finalera pasatzen diren bakarrak. Oraingoz Iñigo Olaetxeak eta Xabier Silveirak lortu dute txartela. Beste bertsolarien artean puntu kopururik handiena lortu duten bostak izanen dira finalera iritsiko direnak. Lehen bi final-erdiak pasatuta Eneko Lazkozek bi bertsolari ditu aurretik, Julen Zelaieta (308,5) eta Jon Barberena (308). Etxarriarra Jon Elizetxerekin 307,5 puntura berdinduta dago. Ez dago ezer erabakitaMartxoaren 7an, larunbatean, jokatuko da hirugarren eta azken final-erdia, Antsoaingo antzokian. 17:30ean igoko dira oholtza gainera Julio Soto, Erika Lagoma, Ander Fuentes Itturri, Iñaki Aleman, Xabier Legarreta Arano eta Joxe Juan Zubieta. Bertan erabakiko dira finalera sailkatuko diren bertsolarien izenak.