Film laburrak euskaraz Irurtzunen eta Altsasun

Guaixe 2009ko martxoaren 5a

Aizpea eta Kima euskara taldeek Film Laburren VI. Zirkuitua ekarriko dute Sakanara. Film laburren zirkuituaren bidez, Topaguneak eta hura osatzen duten euskara elkarteek aukera ematen dute euskarazko film laburren produkzioa ezagutarazteko eta, bide batez, herrietako kultur eskaintza aberasteko ekarpena ere egiten dute. Topagunearen esanetan gero eta harrera hobea du film laburren zirkuituak, bai elkarteen aldetik, bai zinegileen aldetik. Bere 6. edizioan, Film Laburren Zirkuituak inoiz baino emanaldi gehiago eskainiko ditu: 47 izanen dira denera. Hori gutxi ez, eta zirkuituak Euskal Herriko mugak gaindituko ditu lehen aldiz. Horrela, Azkoitia, Laudio, Amezketa, Atarrabia edo Arespalditzako euskal hiztunek ez ezik, Bartzelona, Erroma, Paris, London edo Shanghaiko euskaldunek ere film laburretaz gozatzeko parada izanen dute. Hiri horietako euskara elkarte edo euskal etxeei eskaintza egin eta erantzuna ezin hobea izan da. Zortzi film ordubeteanMartxoaren 5etik apirilaren 7ra, 8 istorio labur ekarriko dizkigu VI. Film Laburren Zirkuituak, denak ere azken bi urtetan ekoitziak. Euskaldunek egindako zinea euskal ikus-entzuleen esku. Ordubeteko emankizunak izanen dira.  Aurreko edizioetan bezala, honetan ere ahalegina egin da ibilbide luzeko egileak eta egile berriak kontuan hartzeko eta hala osatu da programazioa. Egile berrien artean Topaguneak berak antolatutako Kameratoian, Ikus-entzunezkoen Rallyan, saritutako bi lan ikusteko aukera izanen da. Film Laburren Zirkuitua plaza erakargarria da egileendako: haien lana Euskal Herriko herri askotan ezagutarazteko aukera ematen die. Gainera ikusleengana gerturatzeko aukera ere eskaintzen zaie, proiekzioen ondoren antolatzen diren solasaldietan.  SakananIbarrean Film Laburren Zirkuituak eginen duen aurreneko geldialdia Altsasun izanen da, datorren ostegunean, martxoaren 12an, 19:30ean, Iortia kultur gunean. Bertan izanen da Egiatik gezurrezko bizitzara filmaren hiru egileetako bat. Kameratoia lehiaketan, hamar ordutan sortu zuen lanaz ariko da eta ikusleen galderak ere erantzunen ditu. Irurtzunen, berriz, hilaren 26an izanen dira film laburrak ikusgai, 20:00etan, kultur etxean. Bertan ere zuzendariren bat espero dute. EskaintzaZirkuituaren barruan emanen diren lanak honakoak dira: Unibertsitateko ikasle taldearen Kabia, Iban del Campo arrasatearraren Lo bakarrik, Oreretako Asier Urbietaren Musika, Jose Luis Barredo eta Iñigo Garciaren Berde, Ander Odriozola, Iñaki Andonegi eta German Rubio hirukotearen Egiatik gezurrezko bizitzara, Xabier Iñarrairaegi eta Karlos Erizen Poema baten irakurketa Euskal Herrian, PuntutapArte Produkzioak taldearen P.D. Ondo ibili eta ikus-entzunezko komunikazioko ikasle taldearen Bankuaren lapurreta.