Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko asteazkenean Sakanako Mankomunitateak batzarra egin zuen. Bilkuran erabaki zen Arbizuko hondakindegian deskarga kaia egiteko lanen deialdia egitea. Epeak betez gero hilabete barru lanak zein enpresak eginen dituen jakinen da. Mankomunitateak lanak lau hilabetetan despeditzea espero du. Lanek 756.000 euroko aurrekontua dute eta Nafarroako Hiri Hondakinen Partzuergoak ordainduko du. Gauzak ongi uda erdialderako deskarga kaia egina legoke. Han Sakana, Larraun, Leitzaran eta Araitz aldeko hondakinak bota eta trinkotuko lirateke. Ondoren edukiontzi berezi batean, Tuterako El Culebrete hondakindegira eramanen lirateke hondakinak. Egunero bidaiaren bat egitea aurreikusten da. Hori egin ahal izateko trinkotutako hondakinak jasoko dituzten hiru edukiontzi izanen dira Arbizun. Hori guztia eginen da Europako legedi batek hondakin organikoak tratatzera behartzen duelako. Sakanan orain arte hondakin horiei Arbizuko hondakindegian lur ematen zitzaien. Baina legedi berrira egokitu beharra dago eta,, horregatik Sakanako Mankomunitateak egoki jo zuen Nafarroako Hondakinen Kontsortzioan sartzea.EskaerakEzker Batuko Arturo Carreño zinegotziak bilkuran onartua izan zen mozioa aurkeztu zuen. Beraz, Ezker Batuak eskatu bezala, Sakanako Mankomunitateak RENFErengana joko du Madril eta Bartzelonara doazen trenek Altsasun geldialdia egiteko eskatzeko. Geldialdirik egiten ez badute Sakandarrek Iruñea edo Gasteizko bidea hartu behar dutela azaldu zuen ezkerreko koalizioko kideak. Arturok azaldu zuenez, Zumarragan eta Castejonen trenok geldialdiak egiten dituzte bidaiariak hartzeko. Bestalde, Sakanako Mankomunitateak Lurreko Telebista Digitalaren bidez ETB ikusteko aukera izatea eskatuko du. Nafarroako Gobernuari hori ahalbideratzeko neurriak eskatu dizkio mankomunitateak.