Sakanako Mankomunitateak Maria Markotegi Sariak antolatu ditu

Guaixe 2009ko martxoaren 11

Urtebeteko atsedenaren ondoren Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Sakanako eskolarteko komiki eta literatura lehiaketa antolatu du atzera ere. Izen berriarekin dator literatura eta komiki lehiaketa: Maria Markotegi Sariak izenarekin. Honen bidez haur literaturan indarrak jarri zituen idazle etxarriarra gogoan izan du Sakanako Mankomunitateak. EzaugarriakSakanan Irudimena lantzen komiki eta literatura lehiaketaren lekua hartuko du lehiaketa berriak. 18 urteko ibilbidea egin du literatura lehiaketak eta bi urte geroago komikigintza ere lehian sartu zen. Urte hauetan guztietan asko izan dira lehiaketan parte hartu duten Sakanako ikasleak. Ibilbide luze eta oparo horrekin jarraitzeko asmotan jaio da Maria Markotegi sariketa. Honen bidez Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak bailarako haur eta gaztetxoengan euskarazko sormena indartzen jarraituko du. Bi sail izanen ditu lehiaketak, literatura eta komikiarena. Horietako bakoitzean hiru kategoria bereizten dira: Sakanako ikastetxeetako LHko 5. eta 6. mailako ikasleena, DBHko 1. eta 2. mailako ikasleena eta DBHko 3. eta 4. mailak, Batxilergoak eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleena. Lanak aurkezteko moduaIkasle bakoitzak gehienez ere lan bana aurkez dezake sail bakoitzean, beti ere, bakarka egindakoak. Lanak orijinalak, aurrez saritu gabeak, argitaratu gabeak eta euskaraz sortuak izanen dira. Literatura sailean generoa libre izenen da: olerkiak, narrazioak, gutunak edo saiakerak onartuko dira, baina ez bertsopaperak. Lanen luzerari dagokionez, LHko 5. eta 6. mailako ikasleek gutxienez orrialde bat idatzi beharko dute eta gainontzekoek gutxienez hiru. Literatur lanak ordenagailuz idatzirik aurkeztuko dira. Komikiak, berriz, txuri-beltzean edo koloretan aurkeztu daitezke, beti ere, Din A4 tamainan. Lanen gaia librea izanen da. Apirilaren 24an, 15:00etan despeditzen da lanak aurkezteko epea. Sakanako Mankomunitateko erregistroan aurkeztu behar dira, Lakuntzan. Ikastetxeak arduratuko dira lanak aurkezteaz. Lanak goitizen batez izenpetuko dira. Aparteko gutun-azal batean egilearen datuak sartuko dira (izen-abizenak, nortasun agiriaren zenbakia, helbidea, telefonoa, ikastetxea, maila eta adina) orri batean idatzirik. Gutun-azalaren kanpoko aldean garbi adierazi beharko dira honako hauek: lanaren izenburua, egilearen izengoitia, saila eta kategoria. Argibide gehiago behar dituenak Sakanako Mankomunitatera jo dezake, 689 029 778 edo 948 464 867 telefonoetara edo arakil.euskara@sakana-mank.com edo info@sakana-mank.com helbidera. SariakSakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak 1.280 € banatuko ditu lan onenak saritzeko. 16 sari banatuko dira guztira, sail bakoitzean 8. Lehiaketaren helburua euskarazko sormen literarioa sustatzea den aldetik, parte hartzaile guztiek jasoko dute oparitxoa. Aurkeztutako lanek gutxieneko mailarik ez balute, epaimahaiak sariak eman gabe utzi ahal izango ditu. Bestalde, Sakanako Mankomunitateak lehiaketara aurkeztutako lanak argitaratzeko eskubidea izango du, betiere egilearen izena adieraziz. Literatura saila:LHko 5. eta 6. mailetako ikasleak    1. saria    70 €    2. saria    60 €    3. saria    50 €DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleak    1. saria    90 €    2. saria    80 €    3. saria    70 €DBHko 3. eta 4. maila, Batxilergo eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleak       1.saria    120 €    2. saria    100 €Komiki saila   LHko 5. eta 6. mailetako ikasleak     1. saria    70 €     2. saria    60 €     3. saria    50 € DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleak     1. saria    90 €     2. saria    80 €     3. saria    70 €DBHko 3. eta 4. maila, Batxilergo eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleak        1.saria    120 €   2. saria    100 €Maria Markotegi Langile amorratua zen Maria Markotegi. Azken orduraino literatur egitasmoetan murgilduta ibili zen. Bere ibilbide artistikoan hainbat lan idatzi zituen eta horietako batzuei esker sari prestigiotsuak jaso zituen. Zenbait aldizkaritan kolaboratzaile izan zen, besteak beste, GUAIXE aldizkarian. 2005ean argitaratu zuen Mariak bere azken lana, Zezilia, Samuel eta barraskilo kalakaria. Haren bidez haurrei gertutik ezagutzen zuen gaixotasunaren berri, minbiziaren berri ematen saiatu zen. 2005eko abenduan hil zen Etxarri Aranatzen, 42 urte zituela. Sariak: Egin Sanfermines (1989), Iruñeko Udaleko egile berrientzako saria (1991), Antsoaingo Udalaren Kontaketa (1989 eta 2002), eleberri laburren Joven y Brillante (1992) eta Pedro de Atarrabia (1994) eta Nafarroako Gobernuaren sormen literariorako beka (1990). Argitalpenak: Menda eta azukrearen olerkiak (1991), La espera (1992), Izarratu (1998), Erotika (2001), Solo los distraidos creen en la realidad eta Zezilia, Samuel eta barraskilo kalakaria (2005). Kolaborazioak: Vete a saber, Concejo, Sakana, Guaixe, literatur kritika Cope irratian 1995etik 2003ra eta Ipes (emakume idazleekin topaketak). Sormen literarioko ikastaroak eman ditu.