Emakumeak protagonista Haize Berriak bandaren kontzertuan

Guaixe 2009ko martxoaren 13a

Sakanako Haize Berriak bandak emakumeei eskainiko die bere azken kontzertua. Emakumeak musikan izenarekin, musikaren historian askotan ukatu zaien lekua egin die bandak emakumeei. Emanaldi bikoitza izanen du Haize Berriak Bandak asteburuan: bihar, 18:30ean, Olaztiko pilotalekuan egonen dira eta domekan, 12:30ean, Altsasuko Iortia kultur gunean. Batean nola bestean, hiru emakume izanen dira protagonistak: Margarita Lorenzo de Reizabal zuzendari bizkaitarra, Montserrat Torras konpositorea eta Jasone Etxebeste klarinete jolea. KontzertuaMusikariek zenbait paper hartu ditzakete: konpositoreak dira batzuk, musika joleak dira batzuk eta horien artean bakarlaria nabarmentzen da. Eta lehenengoaren lana interpretatu eta bigarrenei agintzen diena, zuzendaria. Postu nabarmen horietan gizonak ikustera ohituta gaude. Haize Berriak bandak erakutsi du badirela lan horietan aritzen diren emakumeak ere, ederki aritu ere! Agerian utziko dute asteburuko kontzertuetan.Bandako zuzendari Luis Orduña gidari dela, XX. mendean gizonen munduan arrakasta lortu zuen emakume baten obrak irekiko du kontzertua: Germaine Tailleferre-ren Marche pour harmonie obrak. Désiré Dondeyne-k bandarako egindako moldaketa joko tudte. Haren ondotik, Jan Hadermann-en Spothlight on the bass clarinet interpretatuko du bandak. Jasone Etxebeste lakuntzarra izanen da bakarlaria, klarinete baxuarekin. Goi mailako amaiera izanen du lehen zatiak Montserrat Torrasen Luces de Bardenas obraren estreinaldiarekin. Haize Berriak bandak eskatuta, obra garaikidea ekarri du Sakanara musikagile kataluniar gazteak. Oso obra erritmikoa da, efektu deigarriak bilatzen dituena. Altsasuko emanaldian bideo batek eta argi-ilun jokoek jantziko dute obra.10 urteko historian 3 zuzendari izan ditu Sakanako Haize Berriak bandak. Mario Fernandinorekin jarri zen abian egitasmoa. Proiektuak indarra hartzearekin batera, bandak gertuagotik ezagutzen zituen Juan Jose Torres valentziarrari pasatu zion batuta. Orain 3 urte eta erdi haize freskoa ekarri zuen Luis Orduñak. Hiru zuzendari eta hirurak gizonak. Bada Emakumeak musikan kontzertuaren bigarren zatian emakume batek hartuko du Sakanako bandaren zuzendaritza, Margarita Lorenzo de Reizabalek. Haren aginduetara joko dute Georges Bizet-en Suit Carmen. Tohru Takahashik egin du bandarako moldaketa.Luis Orduñak jakinarazi digunez, enkargatutako obraren, zuzendariaren eta errefortzuen artean, 6.000 euroko aurrekontua du kontzertuak.Hiru protagonistak Curriculum ikusgarria du Margarita Lorenzo de Reizabal zuzendariak. Bere jaioterrian, Bilbon, egin zituen Piano eta Konposizioko Goi Mailako Ikasketak. Ondotik, Orkestrako Zuzendaritza Ikasketak egin ditu Ingalaterran. Gaztetatik hasi zen piano kontzertuak ematen, bai kontzertista, bai kamera-musikari gisa. 1982tik 1998ra Bilboko Orkestra Sinfonikoko pianista izan zen. 1987an Leioako Udal Kontserbatorioko Armonia eta Konposizio Katedra atera zuen. Herriz aldatu gabe, Leioako Orkestra Gazteko zuzendaria da 1993tik. Orkestra honen zuzendaritzapean Euskal Herriko antzoki garrantzitsuenak bisitatu ditu, baita Espainiako eta Frantziako zenbait ere. Piano, ganbera-musika eta musika hezkuntzari buruzko ikastaroak eman ditu. Era berean, aipagarriak dira konpositore eta moldatzaile bezala egindako lanak. Zenbait sari irabazi ditu lan horri esker. 2007tik Musikene-EAEko Goi Mailako Musika Ikastegiko konposizio irakaslea da. 1973an hasi zituen Montserrat Torrasek musika ikasketak, Bartzelonan. 8 urte geroago Solfeo eta Teoria Musikaleko Goi Mailako Titulua jaso zuen Liceo Kontserbatorioan. Inprobisazio, jazz eta film-scoring ikasketak egin zituen aldi berean. Teresa Catalanen aholkuari jarraiki, Bostonerako bidea hartu zuen 2001ean. Bertan, konposizio ikasketak egin zituen Michael Gandolfi eta Lee Hyla maisuekin. 2003an Konposizio Masterra atera zuen. 2004an New England kontserbatorioan ikasle izatetik irakasle izatera pasako da: konposizioa, teoria musikala, armonia eta entzumena lantzeko klaseak emanen ditu 2006ra arte. Aldi berean bere musikari buruzko hitzaldiak ere ematen zituen unibertsitate, eskola eta kontzertu aretoetan. Bere obrak Bostonen, New Yorken, München-en, Amsterdam-en, Perugian eta Bartzelonan mustu dituzte. Zenbait sari eta beka jaso ditu ibilbide horretan. Jasone Etxebestek Musika Magisterio ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean eta Klarineteko Goi Mailako Irakasle Titulua atera zuen Donostiako Goi Mailako Kontserbatorioan. Musika ikasketak sakondu ditu nazioarteko goi mailako irakasleekin. Irakasle lanetan aritu da zenbait musika eskolatan. Klarinete jotzaile bezala zenbait banda, orkestra, antzerki-talde eta diskotan parte hartu du. 2007tik Tolosako musika eskolako klarinete irakaslea da. Horrekin batera, Maestro Escudero orkestra kudeatzen du eta Haize Berriak bandako kide da. Emakumeak musikaren historian ikusezinMusikagileen Norton & Grove Entziklopediak musika obrak argitaratu dituzten 6.900 emakume izendatzen ditu. Bakarren bat izendatzeko gai? Ez da erraza. Bandako zuzendari Luis Orduñaren hitzetan "aurreiritzi matxistak musikaren historia ofizialetik baztertu egin dituelako emakume horiek. Ondorioz urtetan gizartea ez da emakumearen talentu eta gaitasuna onartzeko gai izan. Emakume gutxi batzuek baino ez dute lortu haien garaiko konpositoreen moduko oihartzuna: Elizabeth de la Guerrek, Francesca Caccinik, Fanny Mendelssohnek edo Clara Schumannek esaterako". 2.000 urteko historian isilpean egon diren emakumeei lekua egiten saiatuko da asteburuan Haize Berriak banda. Eta bandako zuzendari Luis Orduñak ziurtatu du ez dela "ekimen puntuala" izanen, "jarraipena izanen du". Bihar, larunbatean, 18:30ean izanen dugu horretarako lehen aukera, Olaztiko pilotalekuan. Sarrerak eskuragarri daude udaletxean eta leihatilan, 3 eurotan. Etzi, domekan, 12:30ean, Altsasuko Iortia kultur gunean entzun ahal izanen da kontzertua. Kultur gunean jaso daitezke sarrerak, euro baten truke.