Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Frontisek Buruz Buruko Logroñoko Irekiko final zortzirenak jokatu ziren asteburuan Logroñoko Las Gaunas pilotalekuan. Jorge Nagorek Camarero II.a zuen aurkari eta irurtzundarrak erraz irabazi zuen errioxarra. Hasieran Camarero II.a aurreratu zen markagailuan, lehenengo jokoan 2-6 jarri baitzen alde, baina irurtzundarrak 18-0ko partziala sartu zion. Bi jokotan nagusitu zen Nagore (6-10 eta 0-10), errioxarrari errepaso ederra emanez.Bestalde, Jon Gorriti uhartearraren eta Alvaro Gomezen arteko lehia ederra izan zen, afizioa sortzen dutenetakoa. Gorriti bikain egon zen eta kantxara indarrez beteta atera zen, baina Alvaro Gomez ere sasoian zegoen. Lehen jokoan 10-6 gailendu zen Gorriti, baina bigarren jokoa Alvaro Gomezek eskuratu zuen, lehia gogor eta borrokatuan 8-10 irabazita. Partida hirugarren jokoan erabaki zen, emozioz betetako jokoa, launa berdindu baitzuten. Baina azken tantoko Alvaroren dejada txapara joan zenez, Jon Gorritik eskuratu zuen partida. Itxura bikaina eman zuten bi pilotariek. Hortaz, larunbatean, martxoaren 14an, jokatuko diren final laurdenetarako sailkatu dira bi sakandarrak. Partidak 17:30etik aurrera egonen dira jokoan, Las Gaunas pilotalekuan. Nagorek Altuna izanen du arerio eta Gorritik Amantegi. Beste bi lehiatan, Antxiak Bengoetxea VII.ari eginen dio aurre eta Urdanizek Huarte izanen du arerio. Ea finalerdietarako sailkatzen diren bi sakandarrak.