Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuan Espainiako Gazte Mailako Pilota Txapelketako azken faseko partidak jokatu ziren Iruñeko Labriten eta Oberenan, eta Nafarroa Espainiako Gazte Mailako Pilota Txapelketako irabazlea izan zen, jokoan zeuden lau modalitateetan gailendu eta gero: larruzko paleta, pala motza, eskuz binakakoa eta eskuz banakakoa. Eskuz banakakoan Irurtzun taldean aritzen den Etxarrengo Zabaletak ordezkatu zuen Nafarroa, eta Errioxako Iturriaga izan zuen arerio. Lan asko egin behar izan zuen Zabaletak irabazi ahal izateko, baina azkenean 18-16 gailendu zen. Aipatzekoa da 7-13 joan zela galtzen Etxarrengoa, baina markagailuari buelta ematen jakin zuen Zabaletak eta 16-13 aurreratu zen. Nahiz eta Iturriagak berdintzea lortu, Zabaletak zuen guztia eman zuen eta gailentzea lortu zuen. Eskuz binakakoan Irurtzun taldean aritzen den Ansotegi etxarriarrak eta Lizarraldeko Lanak guztiz menpean hartu zituzten Errioxako pilotariak, 22-6 irabazi baitzieten. Partida lehiatu eta gogorragoa aurreikusten zen, baina nafarrak jaun eta jabe izan ziren eta partidak ez zuen aparteko konturik izan. Nafarroa ordezkatuz aritu ziren pilotari sakandarrek primerako lana egin zuten.