Andaluziako Montenegrok irabazi zuen Aiztondo Klasikoa

Guaixe 2009ko martxoaren 9a

Atzo afizionatuen mailako Aiztondo Klasikoa lasterketa jokatu zen, Espainiako Koparako hirugarren proba baliagarria. Maila handiko lasterketa izan zen, ikusgarria. 27 taldetako txirrindulariek hartu zuten parte, eta Adunako gaina hiru aldiz pasa eta gero, 100. kilometroan bederatzi txirrindularik egin zuten ihesi, tartean Rural Kutxako Torres. Baina Sarasolako aldapek, %18ko maldekin, taldea hautsi zuten. Horrela, Zambrano (Extremadura), Martinez (Baque), Artola (Bidelan), Alarcon eta Iriartek (Lizarte) egin zioten aurre Alkizako azken igoerari. Baina atzean Andalucia Cajasur ihes egindakoak harrapatzeko lanean hasi zen, Espainiako Kopako buru talde horretako Jorge Martin Montenegro argentinarra baita. Horrela, nahiz eta Montenegro esprinterra izan, sasoi betean zegoen eta ihes egindakoak harrapatu eta gero, bakar-bakarrik iritsi zen helmugara, Alkizan (3:58:20), Baqueko Javier Martinezi eta Lizarteko Javier Iriarteri 6 segundo aterata. Rural Kutxa talde sakandarrekoak, tamalez, ez ziren aurrean sailkatu.