Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo hasi zen Paris-Niza lasterketa, aitzin etapa bikainarekin: Amillyn hasi eta despeditu zen 9 kilometroko erlojupekoa. Etapa laua zen eta diziplina hauetako espezialista hutsak ere bazeuden, baina 2007ko Paris-Nizako txapeldun Alberto Contadorrek (Astana) erakustaldi bikaina eman zuen, etapa irabaziz eta liderraren maillota eskuratuz. Euria zen atzoko protagonista eta horregatik txirrindulari askok ez arriskatzea erabaki zuten, baina iazko Paris-Nizan parte hartzea eragotzi zioten. Contador hasieratik topera atera zen eta berarendako izan zen garaipena (11:05), espezialisten gainetik gailenduz. Zazpi segundoko aldea atera zion Garmin-Slipstream taldeko Bradley Wiggins ingelesari, eta hirugarrena Caisse taldeko Luis Leon Sanchez izan zen, 9 segundora. Caisseko Imanol Erbiti izan zen sakandar onena: 50. tokian sailkatu zen, 42 segundora. Denbora berdina egin zuen eta 51. postuan sailkatu zen Euskaltel-Euskadiko Gorka Verdugo etxarriarra, lasterketa honetan Samuel Sanchezekin batera taldeburu eta bere konfiantzako gizona izango dena. Iazko Paris-Nizan zazpigarrena sailkatu zen Verdugo, baina aitortu duenez iaz hobeto iritsi zen lasterketara. Ag2r La Mondialeko Jose Luis Arrieta uhartearra 107. postuan sailkatu zen, 57 segundora. Contadorrek ez zuen garaipena espero eta harrituta zegoen. "Ibilbide lauarekin eta euriarekin ez da erraza izan, baina espero baina hobe sentitzen nintzen eta garaipena lortu dut, espezialista handien gainetik. Garaipen inportantea da, baina gaur hasiko da benetako lasterketa" zihoen Pintoko txirrindulariak. Izan ere gaur hasiko da benetako Paris-Niza, Saint Brisson sur Loiren hasi eta La Chapelle Saint Ursinen bukatuko den 195,5 kilometroko etaparekin. Tartean hirugarren mailako bi gaintxo baizik ez daudenez, helmugatik nahiko urruti, litekeena da tropela esprintean iristea helmugara, baina ihesaldi saiakerarik ez da faltako.