Ligako buruen kontra galdu egin zuten Etxarrik

Guaixe 2009ko martxoaren 10a

Asteburuan lehia inportanteak zituzten Etxarrik eta Altsasuk, Etxarrik Infanzones liderra hartu baitzuen etxean eta Altsasuk bigarrena den Gazte Berriak taldea. Jokoan zeuden puntuak pilatzea oso garrantzitsua zen, baina bi talde sakandarrek galdu egin zituzten liderren kontrako lehiak. Etxarri eta Infanzonesen arteko partida ona izan zen, bi taldeak irabaztera atera baitziren. Lehia bizia ikusteko aukera izan zen zelaian, eta Etxarriko Artzaik aurreratu zuen taldea 12. minutuan. Hala ere 32. minutuan berdintzea lortu zuen Genbek eta horrela joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian atzera ere etxarriarrak aurreratu ziren Xabik sartutako golari esker, baina 67. minutuan bina berdintzea lortu zuen Infanzonesek. Partida bukatzeko azken laurdena emozio eta nahasmen handikoa izan zen, Erasok Infanzones aurreratu zuelako baina berehala Etxarriko Koldok hiruna berdindu zuelako, eta egia esan, arbitroak hartutako erabakiek ez zuten Etxarri asko lagundu, Artzai eta Arratibel jokalariak kanporatu baitzituen. Horrela, Infanzonesek lortu zuen partida irabaztea, 3-4, 87. minutuan sartutako golari esker. Altsasuk, bere aldetik Dantzalekun galdu egin zuen Gazte Berriak taldearen kontra. Aipatzekoa da euriaren eraginez zelaigunea ez zegoela jokatzeko baldintza onetan, baina horrela aritu behar izan ziren bi taldeak. 22. minutuan Gazte Berriak taldeko Oiartzunek gola sartu zuen eta taldeak markagailua defendatzen jakin izan zuen, nahiz eta Altsasuk etengabeko kontrako saiakerak egin. Altsasuk, gainera, aldeko penaltyaz berdintzeko aukera izan zuen baina Sergiok ez zuen asmatu. Eta horrela despeditu zen partida, Gazte Berriakek 0-1 irabazita. Gauzak horrela erregional mailako lidergoan jarraitzen du Infanzonesek, 50 punturekin. Bigarrena den Gazte Berriak 4 puntura dago. Etxarri Aranatz bosgarren tokian dago, 41 punturekin, eta Altsasu bederatzigarrena da, 25 punturekin. Asteburuan 23. jardunaldia dago jokoan. Etxarri Aranatzek larunbatean Donezteben jokatuko du, 42 punturekin etxarriarren gainean dagoen eta laugarrena den Donezteberen kontra. Laugarren postua dago jokoan, eta lehia bizia espero da. Bestalde, 25 punturekin hamargarrena den El Cerco du aurkari Altsasuk, lehenengoen etxean. Bi taldeak puntutara berdinduta daude eta postua dago jokoan. Hortaz, irabazi beharrean daude bai Altsasu eta baita Etxarri Aranatz ere.