Paris Nizako atzoko etapa esprintean despeditu zen, eta irabazlea Cervelo taldeko Heinrich Haussler esprinter alemaniarra izan zen, arerioei bi bizikletako aldea aterata, erakustaldia emanez. Aurtengo denboraldian ezustekoa ematen ari da 25 urteko alemaniarra, Portugalgo Algarven irabazitako bi etapei atzokoa batu behar baitzaie. Baina etapako protagonista nagusiak ihesaldi luzea eta erorikoak izan ziren. 170 kilometrotik gora egin zituzten ihes lau txirrindularik, tartean Euskalteleko Aitor Hernandezek, baina esprinterren taldeak, Cervelo, Columbia eta bestek, atzetik tiratu eta gero guztiak harrapatu zituzten. Helmugarako bi kilometro faltan erorketa masiboa izan zen, eta bertan erori ziren, besteak beste, Astanako Alberto Contador liderra eta Euskalteleko Gorka Verdugo etxarriarra. Verdugok Aquilesen tendoian kolpe handia hartu zuen baina lasterketan jarraituko du arazorik gabe. Baina lehenago, etapa bukatzeko 55 kilometroren faltan, Ag2rko Jose Luis Arrieta uhartearrak susto ederra hartu zuen. Galtzadako eskuinaldetik aurreratzen ari zen Arrieta eta bat-batean atzera begiratu gabe Quick Stepeko txirrindulari bat atera zen begiratu gabe bien gurpilek talka egin zuten eta Arrietak lurrean bukatu zuen. Uharte Arakilgo txirrindulariak kolpe handia hartu zuzen eskuin belauneko basto muskuluan. Arrietak azaldu zuenez erorikoa izan eta gero oso gaizki pasatu zuen, eskuineko belauna ezin zuelako mugitu, eta pixka bat izutu zen. Txirrindula ere apurtu zuen. "Asko izorratzen nau honek, nahiko ongi nengoelako eta kolpe hauek hurrengo egunean edo bi egunetara ateratzen direlako" nabarmendu zuen. Sailkapen orokorrari dagokionez, Alberto Contador liderrak maillot horia mantendu zuen, araudiari segiz helmugarako hiru kilometro faltan erorikoa izan eta gero galdutako denbora ez baita kontatzen (4:56:06) eta irabazlearen denbora bera ematen baitzaie erori direnei. Caisseko Imanol Erbiti da sakandar azkarrena, sailkapenean 47.a baita, 42 segundora. Euskalteleko Gorka Verdugo da 48.a, Erbitiren denbora berean. Jose Luis Arrietak izandako eroria dela medio denbora galdu zuen eta 151. tokian dago, 3:10era. Gaur hirugarren etapa jokatuko da Orval eta Vichy artean, 178 kilometrokoa. Esprintean bukatzeko etapa aproposa da.