Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Otsailaren 21ean Garesen Nafarroako helduen teknika txapelketa jokatu zen eta Bargagain klubak "paper ona egin zuen". Hala esan digu elkarteko presidente Jose Claverrek. Azaldu zigunez hiru domina eta postu onak lortu zituen Bargagainek. Gazte mailan Laura Claver Garciak urrezko domina lortu zuen bakarkako teknika proban. Gazte mailako hirukoen teknikako zilarrezko domina Altsasura ekarri zuten Laura Claverrek, Alba Moreno Gallardok eta Olatz Monrealek. Azkenik, Jon Monrealek Iruñeko beste bi lagunekin hirukoa osatu eta urrezko domina eskuratu zuten. TaldeaGaur egun Bargagainekin 48 ikasle daude taekwondoan trebatzen. Klub gisa daramaten hiru urteetan ikasleen kopurua paretsu mantendu da. Antonio Martinez Munch dute irakasle, baina gehien dakiten ikasleek ere hartzen dute beste ikaskide batzuk laguntzeko eta irakasteko ardura. Urdiain, Olatzagutia eta Altsasuko kirolariak azken herri horretako Labadero eraikineko gimnasioan biltzen dira. Asteartetan eta ostegunetan, eta bi taldetan banatuta, 18:45etik 20:45era aritzen dira. Batzuk gehiago aritzen dira, esaterako dominak lortu dituztenak. Ostiral eta larunbatetan Iruñean jarraitzen dute trebakuntza lana. Gainera, dominak lortzearekin batera, Nafarroako selekzioarekin estatuko txapelketan eta jokatzen diren nazioarteko irekietan parte hartzeko aukera dute. Lehiaketa horietan parte hartu aurretik Nafarroako Kirol Jolasetan ari da parte hartzen Bargagain kluba eta Jesusek esan digunez, "nahiko emaitza honekin". Aurreratu zigunez, apirilaren 4an Altsasuk 3. faseko saioa hartuko du. Taekwondolariak lanean ikusteko aukera aparta izan daiteke hura.