Rural Kutxa Kopa BTT Izurdiagara helduko da maiatzaren 1ean

Guaixe 2009ko martxoaren 11

Iturrotz Txirrindularitza Klubak, Lizarrako Saltamontes Klubak eta Cascanteko 39x26 Klubak indarrak batzea eta Nafarroa mailako mountain bike torneoa antolatzea erabaki dute. Rural Kutxa Kopa BTT izena hartuko du Nafarroako mountain bike torneo garrantzitsuena izango denak. Zortzi lasterketako egutegia izango du torneoak eta lasterketa bat Sakanara helduko da. Hain zuzen ere maiatzaren 1ean 4. San Juan Trofeoa jokatuko da, Rural Kutxa Koparako baliagarria. Rural Kutxa Kopa BTTk H1 maila izango du, hau da, Espainiako Federazioko maila altuena. Zortzi lasterketa izanen ditu eta Nafarroa mountain bike-eko elitean kokatuko da, soilik Madrilen antolatzen baita ezaugarri honetako lasterketen kopuru berbera. Antolatzaileek azaldu zuten urtero BTT edo mountain bike lasterketak gora egiten ari direla eta gainontzekoen laguntzen faltan eurek antolatu behar izan dutela torneoa "hau aurrera ateratzeko gaitasuna eta ahalmena ere badugulako". Maila guztietarako lasterketaRural Kutxa Kopa martxoaren 15ean abiatuko da, igandean Izkuen antolatutako 17. Galtzagorri Trofeoarekin, eta irailaren 13an despedituko da, Aiegin, Montejurrako 4. Igoerarekin. Tartean, maiatzaren 1ean, Sakanan izango da, Izurdiagak 4. San Juan Trofeoa hartuko baitu. Lizarraldean, Iruñerrian eta Erriberan izango da torneoa. Probaren ezaugarriei dagokionez, lasterketa guztietan zirkuitu motz bat prestatuko da eta txirrindulariek hainbat buelta eman beharko dizkiote, baina azken lasterketan, Aiegin, Montejurrara igo beharko dira txirrindulariak. Maila guztietako txirrindulariak ariko dira, kadeteetatik hasita beteranoetara, eta proba nagusia baino lehen 10 eta 14 urte bitarteko txirrindulariak euren beharretara prestatutako beste zirkuitu batean ariko dira lanean. Antolatzaileek 200 partaide inguru espero dituzte lasterketa bakoitzean. Gainera, txirrindulariek ez dute inskripziorik ordaindu beharko. Mountain bike-aren ofizialitatea bilatu nahian, Kopak, puntuazioak eta sariek - lasterketa bakoitzeko 1.200 euro - Espainiako Federazioko araudia jarraituko dute. Kopako liderrak maillot horia jantziko du. Antolatzaileek oraindik ez dute zehaztu lasterketa hauetakoren bat Nafarroako Txapelketarako baliagarria izango den eta Nafar Kirol Jolasean lau lasterketak zein izango diren. Antolatzaileek jakitera eman zutenez, lasterketa bakoitzak 4.500 euroko aurrekontua izanen du. Rural Kutxak eta Nafarroako Gobernuak parte handi bat hartuko dute bere gain, eta Diario de Noticias, Toldos Berriainz, Conor eta Pedalier entitateek babestu eginen dituzte lasterketak. ProbakMartxoaren 15ean 17. Galtzagorri Trofeoa Izkuen, martxoaren 22an Virgen del Romero Trofeoa Cascanten, apirilaren 26an Tuterako Hiria-Ciclos Gamen Trofeoa, maiatzaren 1ean 4. San Juan Trofeoa Izurdiagan, maiatzaren 17an Cermicas Egurza Trofeoa Lizarran, ekainaren 6an 7. Arazuriko Kontzejua Trofeoa, ekainaren 20an 2. Antzingo Udala Trofeoa, eta irailaren 13an 4. Montejurra Igoera Aiegin.