Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak Xiba, euskal joko eta jolasen topaketen VI. edizioa antolatu du, alde batetik euskal joko eta kirolak berreskuratu, gaurkotu eta sustatzeko, eta bestetik herrien arteko harremanak euskal giroan sustatzeko eta euskara bulkatzeko. Finean, garai bateko herrien arteko jokoak berriz plazaratu nahi dituzte. Jaialdiaren aurkezpena berriki egin zuten, Altsasun. Iaz Sakanako bi taldek hartu zuten parte Xiba jokoetan, Irañetak eta Uharte Arakilek. Uharte Arakilgo taldeak ez zuen lortu Euskal Herriko final handian lehiatzeko txartela. Aldiz, Irañetako taldea aipatu finalean izan zen eta 11. postuan sailkatu zen. Xiba jokoetan lehendabizi herrialdekako jaialdiak jokatuko dira eta ondoren final handia. Jaialdiko zitak ondokoak dira: apirilaren 18an Nafarroa Beherea eta Zuberoako taldeak ariko dira Baigorrin; maiatzaren 2an Nafarroako taldeak ariko dira Goizuetan, eta Astigarragako, Hernaniko eta Ereñozuko parte hartzaileak ere aurkeztu ahal izango dira bertan; maiatzaren 9an Gipuzkoako gainontzeko taldeak ariko dira; maiatzaren 23an Arabakoak, maiatzaren 31n Lapurdi eta Bizkaikoak, Bizkaian; eta ekainaren 6an Gipuzkoako beste talde batzuk. Sailkatutako kirolari guztiak bilduko dituen Euskal Herri osoko jaialdiari dagokionez, ekainaren bukaeran izanen da baina oraindik ez dute zehaztu non izanen den. Izena ematea non Xiba euskal joko eta jolasen topaketan izena ematen duten Nafarroako taldeak, beraz, maiatzaren 2an lehiatuko dira Goizuetan. Antolakuntzatik adierazi dutenez izena ematea zabalik dago, jaialdiak hasi arte. Horretarako (0034) 943 693 516 telefonora deitu edo xiba@ehik.ikastola.net posta elektronikora jo behar da. 12 pertsonaz osatutako taldeak behar dira, 16 urtetik goragoko 6 neska eta 6 mutilez osatutakoak, gutxienez. Leku bakoitzean 12 proba egingo dira, hiru multzotan banatuta. Lehen multzoan harri-jasotzea, ingudea, lasto altxatzea eta dantza (bi aukera: fandangoa eta arin-arina edo talde bakoitzak bere herritik ekarritako dantza berezia dantzatzea); bigarren multzoan trontza, koxkolak, txingak, zaku eramatea eta toka; eta hirugarren multzoan xiba, musa eta sokatira. Antolakuntzatik adierazi dute jaialdietan parte hartzeko ez dela gaitasun fisiko berezirik behar, edonork har dezakeela parte. Bestalde, jaialdietan sortzen den giroa primerakoa dela nabarmendu zuten atzera ere. Aurreko urteetako balantzea oso positiboa izan da antolatzaileen esanetan, baina guztia antolatzeak lan handia eskatzen du, nazio mailan egiten den ekintza baita. Nolanahi ere, aurtengo edizioa arrakastatsua izateko esperantza guztia jarri dute. NobedadeakXiba jokoekin batera antolakuntzak bi ikastaro antolatu ditu: hilaren 4an bote luzeko ikastaroa egin zuten. Bote luzea pilota modalitateen iturburua da eta soilik Zuberoan gorde dute. Bestalde, Larrain dantza eta Akelarrearen inguruko dantzak erakutsi zituzten berriki. Eta Xiba jokoetarako giroa berotzeko martxoaren 26an Urtezahar Berri Eguna festa eginen dute Hendaian, makina bat ekintzekin: bote luzea, dantza, hondartzan sokatiran aritu, hitzaldiak, afaria, sua, parodiak eta musika.