Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Garmin taldeko Christian Vandevelde estatubatuarrak lortu zuen garaipena Saint-Etiennen amaitu zen Paris Niza itzuliko laugarren etapan. Eguneko ihesaldian zihoan, beste bost txirrindularirekin batera, eta helmugara iristeko 20 kilometro falta zitzaizkienean erasoa jo zuen amerikarrak. Iheskide zituenak ez ziren gai izan haren gurpila hartzeko, eta Alberto Contadorrek (Astana) ere ezin izan zuen harrapatu, hirugarren mailako Rochetaillen gora gogor jo arren. Horrela, bakarrik heldu zen helmugara Vandevelde, denboraldiko lehen garaipena lortuz. Sakandarrei dagokienez, Euskalteleko Gorka Verdugo 47.a izan zen, 1:18ra. Caisseko Hiriberriko Imanol Erbiti 62.a sailkatu zen, 1:35era, eta Ag2r taldean dabilen Jose Luis Arrieta uhartearra 109.a izan zen, 5:48ra. Bestalde, Rabobankeko Juanma Garatek ongi eutsi zion Contadorrek jotako primerako erasoari eta sailkapen nagusian bigarrena da, Chavanel liderrarengatik 16 segundora. Contador laugarrena da, 36 segundora, atzoko etapan liderrari 27 segundo kenduaz. Duen guztia ematen ari da Contador lidergoa berreskuratzeko. Sakandarrak atzerago daude. Gorka Verdugo 45.a da, 4:03ra, Erbiti 53.a, 4:20ra, eta Arrieta 128.a, 19:45era. Gaur bosgarren etapa jokatuko dute, 204 kilometrokoa, Annonnayn hasi eta Vallon Pont d´Arc artean. Zazpi mendate dituzte aurreneko 120 kilometrotan eta txirrindularien mugimendua izango dela aurreikusten da. Paris-Niza lasterketa igandean despedituko da, eta etapa erregina ostiralekoa izango da, txirrindulariek Montagne de Lure ezaguna igo beharko baitute, Mont Ventoux mendi gogorraren "ahizpa txikia" bezala ezagutzen den mendia, hain zuzen. Ikuskizuna, beraz, ziurtatuta dago.