Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bestea da mundua "Orbetarrak trilogiako argitaratu den aurreneko liburua dugu baina ez da, ordea, lehenengoa, bigarren partea baizik. Bigarren zati honetan familia baten gorabeherak kontatzen dira, eta aurrenekoan familia horretako gurasoen istorioa kontatuko da: "Ikusteko nola gauza batzuk errepikatzen diren belaunaldiz belaunaldi jarrerak berdinak baitira" - dio Joan Mari Irigoienek.Nazario Orbe eta Regina Aldasorok osatuko duten familiaren hastapenak kontatzen dira eleberri honetan. XIX. eta XX. mende hasieran girotua dago, industrializazioa Euskal Herrira iritsi zen garaian. Bi gazte baserritarren hobetu nahia dugu istorioaren ardatza: Regina Aldasoro, gaztelaniak liluratutik, Villalbako markesaren Madrilgo etxeko konfidantzazko neskame bikakatuko da eta Nazario Orbe, lan eta izerdiz, hutsetik bere fortuna osatu eta labe garaien jabe bihurtuko da. Biek boterea non dagoen antzemango dute ustez mundu ederrago eta zabalago batera anbizioz salto eginez: mundu erdaldunaren Madrilgo aristokrazia finaren artean bata eta industria mundu aberatsean bestea. Bidaia horretan, berriz, pertsonaia hauek bere bizimodu, kultura, tradizio eta hizkuntzarekiko haustura latzak pairatuko dituzte garai hartako Euskal Herriak berak bezalaxe.Bestea da mundua izenburuak Reginak bere bizitzaren erabakia, "bere mundua ahaztu eta beste mundu handi hori hautatu", adierazi nahi du. "Botereaz hitz egin nahi izan dut bere biluztasunean".Aipaturiko protagonistez gain, leku nabarmena hartuko dute Nazarioren senideek: osaba-izebak, anaia Beñardo bertsolariak; Reginaren ahizpa Ernestinak, moja izan nahi duena baina komentua utziko duena; markes eta markesa eta hauen alaba bikiek: Natalia eta Natividad, mutil berberaz maiteminduko direnak. Idazleak xehetasun handiz deskribatzen ditu pertsonaia horien barne-egoerak, reflexioak: "muturrerainoko introspekzio psikologikoa... Jainkoaren begia banu bezala".Estiloari dagokionez eta orain arte kolaborazio honetan gomendatutako liburuekin alderatuz, "Bestea da mundua" ez da eleberri irakurterraza. Esaldi luze eta prosa mantso bezain zainduaren erritmo geldia, adierazpena askotan barrokoa eta erretorikoa Joan Mari Irigoienek euskal klasikoak oinarri baititu: "nik izugarri miresten dut Axular: maisuaren prosa eredutik ikasi bainuen euskaraz ere bazegoela pentsamendurik konplexuena era jarraituan eta ulergarrian emateko modua".Liburu hau luzea da, 436 orrialde ditu, eta beste bi falta dira trilogia osatzeko. Gutxitan aurkitzen ditugu hain lan luzeak euskaraz.