Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ekonomia eta Ogasun kontseilari Alvaro Miranda Simavilla asteazken eguerdian ibarreko enpresariekin bildu zen. Sakanako Enpresarien Elkartearekin batera antolatutako topaketan, kontseilariak krisiaren aurka Nafarroako Gobernuak hartu dituen neurrien berri eman zien enpresariei. Mirandarekin batera Nafarroako Enpresarien Konfederazioko idazkari nagusi Javier Martinena izan zen. Kontseilariak bere jarduna hasi aurretik, Sakanako Enpresarien Elkarteko Francisco Lopez de Aldak hartu zuen hitza eta hainbat datu eman zituen: "ibarrak 20.000 pertsona ditu, haietatik 10.000 bat langileak dira eta langabezian mila pertsona daude. Ibarreko langabezia tasa %10ekoa da, Nafarroan gutxien duen eskualdeetako bat da". Gogora ekarri zuen laurogeiko hamarkadan langabezia %20koa ere izan zela eta hamarkada bat geroago enplegu betea zegoela eta prestakuntza zuten langileak eskatu zituztela. Franciscok ere nabarmendu zuen enplegu erregulazio espedienteek 300 bat langile hartu dituztela. Horretaz gain, Sakanako Enpresarien Elkarteko kideak jakinarazi zuen "ibarreko enpresen egoera erreala zein den jakiteko enpresaz enpresa pasako gara eta ateratzen ditugun ondorioekin kontseilariarengana joko dugu". Franciscok esan zigunez, krisi garai honetan Mirandaz aparte, presidenteordearekin, Berrikuntza kontseilariarekin eta beste hainbat eragilerekin harremanetan dagoela elkartea. KontseilariaMiranda kontseilariak bere hizketaldia bildutakoei ez etsitzeko esanez bukatu zuen, "etorkizuna ere industria deitzen da. Krisia pasa behar da". Aldi berean, kontseilariek ibarreko enpresariei eskatu zien lanpostuak mantentzeko ahaleginak egin zitzatela, eta argudiatu zuen soldatek ekonomiari bizitza ematen diotela. Aurretik, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak Nafarroari buruzko hainbat datu eman zituen. Horrekin batera, iaz eta aurten krisiari aurre egiteko gobernuak onartutako laguntzen berri eman zien bildutakoei. Horien artean, aste honetan bertan enpresei abalak emateko finantza erakundeekin lortutako akordioa azpimarratu zuen. Bilkuran izan ziren enpresariek gobernuari Sakanaren aldeko apustua egiteko eskatu zioten. Mirandak horri eta industrialdeari buruzko galderari erantzunez, esan zuen Urdiain-Altsasu industrialdea dela gobernuaren apustua ibarrean. Nafarroako bigarren industrialde handiena izanen dela nabarmendu ondoren 2010. urte akaberan edo 2011. urterako martxan izatea espero zuela gehitu zuen. Bildutakoek ere Lanbide Heziketako institutua indartzearen beharra nabarmendu zuten eta etorkizuneko planei buruz galdetu zioten. Saioa bukatu ondoren, enpresari bat baino gehiago hurbildu zen kontseilariarengana gairen bat aipatzera.