Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Arturo Carreño Parrasek asteazkenean aurkeztu zuen udaleko kultura eta hezkuntza batzordeko presidente karguko dimisioa. Ezker Batuko zinegotziak dimisioa ematerakoan esan du: "NaBaiko taldeak erdi mailako ikasketa zentroen inguruan berriki egindakoa bai ni bai nire ordezkaritza instituzionala gutxietsi ditu". Carreñok gogora ekarri du Gobernu Batzordeko kide dela eta nabarmendu du ez duela informaziorik jaso.Ezker Batuko zinegotziak udaleko ardurak uztea ekarri dituzten gertaerak otsailean gertatu ziren. Hilaren 16an Unai Hualde alkateak eta aurki zinegotzi kargua hartuko duen Pedro Mari Zabalo zinegotziak DBHko ikasketak ematen dituzten ikastetxeak bilera batera gonbidatu zituzten. Bilkura hartan Ordizian dagoen Goierriko Lanbide Eskolaren eskaintzaren berri eman zitzaien bildutakoei eta eskola hark Sakanako ikasleak hartu nahi zituela azaldu zuten. Otsailaren 20an eskolaren instalazioak bisitatu zituzten. LHBestalde, urtero moduan, Altsasuko Lanbide Heziketako (LH) institutuko zuzendaritzak Sakanako ikastetxeetan DBHko ikasketak despeditu dituzten ikasleendako bisita gidatuak antolatu zituen, ikastetxea eta bere eskaintza ezagutarazteko. Ignacio Urbitarte zuzendariak eta Xabier Sorbet idazkariak azaldu digutenez, bisita haien bidez jakin zuten bileraren eta bisitaren berri. Udalarekin lehen hartu-emana orduan izan zuten. Ikastetxeko klaustroa lehenik eta Eskola Kontseilua bildu ziren ondoren. Azken erakunde horren bileran udaleko ordezkaria den Juanjo Goikoetxea zinegotziak gaiaren inguruan ezer ez zekiela azaldu zuen. Bilkura hartan Eskola Kontseiluak udaleko bilkuran aurkezteko idatzia onartu zuen. LHko Eskola Kontseiluko idatzian alkateari gertatutakoaren inguruan azalpenak emateko eskatzearekin batera, udalak eskualdeko ikastetxeak bultzatzeko konpromisoarekin bat egiteko eskatzen zen. Horrekin batera, eskualdean dauden interesen kontra joan daitezkeen hezkuntza eskaintzak bultzatzeko erakundeetako karguak berriro ez erabiltzea eskatu zuen. Azkenik, hilaren 26an institutuan eginen den ate irekien eguna dela-eta zinegotzi guztiak ikastetxea bisitatzera gonbidatu zituzten. Asteleheneko udal bilkuran NaBaiko hiru zinegotziak abstenitu egin ziren eta gainontzekoek idatziaren alde bozkatu zuten. KezkaLHko institutuko zuzendaritzako kideek azaldu digutenez, "Goierriko eskolak orain arte goi zikloetarako ikasleak kaptatzeko interesa azaldu izan du. Baina erdi mailako zikloetan haiek eta guk eskaintzen ditugun ikasketak berak dira. Beraz, ez da ezer osagarria". Ignacio Urbitarteri eta Xabier Sorbeti hiru zinegotzien abstentzioak zer pentsatu eman die, sakoneko kezka baitute: "Nafarroako Gobernuak beti dio zentro defizitarioa garela eta mantentzeko ahaleginak egiten dituela. Lehen merkataritza eta zurgintzako ikasketak kendu zituzten. Iruñean gure tamainako ikastetxe bat itxi egin du. Nafarroako Gobernuak barneratua du tokiko erakundeen, enpresarien elkartearen eta bestelako eragileen babesa dugula, baina..." NaBairen iritziaAsteleheneko udal bilkuran alkatetza duen taldetik adierazi zen "Sakanako Mankomunitatea eskualde mailako garapen zerbitzua sortzeko prozesuan dago eta, horren barruan, gure taldeko zenbait erakundetako ordezkarik zenbait lan bilera izan ditu Goierriko garapen agentziarekin (Goieki) haien esperientziaren berri izateko". Udal ordezkariek azaldu zutenez, Ordiziako eskola Goeikiko kide da eta gehitu zuten sakandarrek eskaintza ezagutzeko interesa azaldu zuela eskolak. Alkatetzako taldeak dioenez, "otsailaren 16ko bileraren helburua zen ikasketa profesionalen eskaintza egokienari buruz Altsasuko ikastetxeetako arduradunen iritzia jasotzea, aurki Garapen Zerbitzuaren baitan hezkuntza batzordea sortuko baita". NaBaik azaldu duenez, bilera horretan orain arte egindako bileren ondorioak jakinarazi zizkieten bildutakoei: "LH institutuan soldadura eta galdaragintzako goi mailako zikloa jartzea, eta Nafarroak esklusiboki Altsasun eskainiko lukeen ikasketaren bat jartzea, turismoa izan liteke". Alkatetzako taldeak esan zuenez, "ikastetxeetako ordezkariek aukera hori nola ikusten zuten jakin nahi genuke, eta proposamen berriak jaso genituen". Alkatetzako taldeak azaldu zuenez "hemen eskaintzen ez diren espezialitateak Nafarroako beste ikastetxe batzuetan eskaintzen dira. Ikasleak joaten dira, han praktikak egiten dituzte eta gero ez dira bueltatzen". Altsasuko NaBaik plenoan esan zuenez, "Ordiziako ikastetxearen aukera uneoro planteatu dugu ez hemengoari konpetentzia egiteko, baizik eta ikastetxe horrekiko hurbiltasuna baliatzeko, ikasketa elebidunak egiteko eta erraztasunak emanez gero ikasleek praktikak Sakanan egiteko aukera izan dezaten eta langileak ibarrera bueltatzeko. Guztia hemengo zentroaren osagarri, elkarlan mekanismoak jarriz" eta azpimarratu zutenez, "asmoa ez da eskualdeko zentroan dauden ziklo eta modalitateekin lehiatzea". NaBaitik jakitera eman zutenez, "gobernuaren aurrean lehentasunezko aldarrikapenetako bat da LHko ikastetxeari bultzada ematea". Helburu horrekin mankomunitatearen eta Hezkuntza Departamentuaren arteko bilera egin nahi dela jakinarazi zuen koalizioak. Aldi berean, "erakundeen ardura postuetatik eskualdekoak ez diren beste ikasketa eskaintzak bultzatu nahi izana" ukatu dute eta gehitu "gertu duguna mehatxu baino aukera bat bezala ikusi nahi dugu".IkastetxeaErdi mailako soldadura, mekanizatu eta instalazio eta mantentze zikloak eskaintzen ditu Altsasuko LHko institutuak. Horrekin batera, DBHko 4. maila gainditu ez duten ikasleei oinarrizko gaitasun profesionala emateko programa ere badu martxan. Guztira 68 ikasle ari dira ikasten. Arratsaldeetan, berriz, langileen prestakuntza jarraituko edo langabetuen prestakuntzarako ikastaroak hartzen ditu. DBHko ikasketak bukatu eta ikasketa profesionalak egin nahi dituzten gazteek Altsasuko institutuan izena emateko epea hilaren 23tik 30era dute. Ikasketa horiek gainditu ez eta oinarrizko prestakuntza jaso nahi dutenendako matrikula ekainaren 9tik 25era izanen da zabalik. Zuzendaritzako kideek jakitera eman digutenez, "ikastetxean goi mailako ikasketak jarri nahi genituzke, baina erabakia Nafarroako Gobernuak hartu behar du. Horretarako beti eskatu digu ikasle kopuru bat. Nahi genuke mekanizatu eta mantentze goi zikloak edo bien arteko nahasketa bat eskaintzea". Aitortu digutenez, "udaletik eta mankomunitatetik turismoa edo zerbait gehiago eskaintzeko proposamenak egin dizkigute. Gu prest geundeke".