Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Olatzagutiako Udalak Cementos Portlandeko langileei eta herritarrei zuzendu zaie jakinarazteko "porlandegiaren Ingurumen Baimen Bateratuari (IBB) jarritako helegitean ez dela inondik inora lantegiaren itxiera aipatzen". Olatzagutiako Udalak adierazpen horrekin Cementos Portland Valderrivaseko zuzendaritzak enpresa batzordeari emandako informazioa ukatu nahi izan du. Enpresaren arabera, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazio-auzi aretoan jarritako helegitearen epaia udalaren aldekoa bada porlandegia itxi beharrean izanen da. Iñaki Mentxaka alkateak olaztiarrei eta enpresako langileei jakinarazi nahi izan die udala "porlandegian erregai gisa hondakinak erabiltzearen guztiz kontra" dagoela. Horretaz gain, udaletik adierazi da helegitean aldeko epaia izanez gero "enpresak udal ordenantzan baimendutako erregaiak erabili beharko" dituela. Horrekin batera, udaletik azpimarratu dutenez, "hondakinen erretzea baimentzen ez bada, enpresaren erabakia izanen da lantegia ixtea edo ez".Horretaz gain, Olatzagutiako Udaletik adierazi dutenez, "ezin dugu onartu herriko enpresa batek ere inposatzea eta "guk nahi duguna egiten da eta nahi dugun bezala edo itxiko dugu" mehatxu egitea". Eta, azkenik, Olatzagutiako Udalak argi utzi nahi izan du "ez dela herriko enpresa bat bera ere ixtearen aldekoa, baina bai ordenantzak eta egungo legedia betetzearen aldekoa". Enpresaren iritziaCementos Portland Valderrivaseko ordezkariek gogora ekarri dute IBB Europako araudira egokitzeko eskatu beharreko baimena dela. Zuzendaritzatik esan digutenez, "gaur egun egiten ari garen jarduerarako eskatu genuen. Betiko erregaiekin eta balorizaziorik gabe". Zuzendaritzatik azaldu digutenez, "egungotik zerbait aldatu nahiko bagenu IBB berria tramitatu beharko genuke". Enpresako arduradunen ustez udalak eta hiru herritarrek IBBren aurka jarritako helegitea onartuko balitz, "jarduera baimenik gabe geldituko ginateke eta funtzionatzeari utzi beharko genioke". Langileen ordezkariei esandakoa azpimarratzeko enpresako arduradunak Nafarroako Gobernuko legelariak Nafarroako Auzitegi Nagusiari esandakoa gogora ekarri du: "helegitearen helburua azpiegituraren itxiera da". Enpresatik gogora ekarri nahi izan da erregaiei buruzko udal ordenantza 1999koa dela. Han zerrenda bat dago eta enpresatik azaldu dutenez, "gehitzen da haien alternatiba gaur egun erabiltzen diren erregaiak dira. Guk laurogeiko hamarkadaz geroztik erabiltzen dugu pet coke-a. Ez dago porlandegirik hura erabiltzen ez duenik". Zuzendaritzatik ukatu egin dute erregai hori hondakin bat denik, "petrolioa fintzearen azpiproduktu bat da, gasolioa den moduan". Zuzendaritzatik nabarmendu digutenez, "pet coke-a erabiltzen uzteak zeharka lantegiaren itxiera ekarriko luke".KanonaZuzendaritzak langileen ordezkariei ere jakinarazi zien udalak Egibil harrobiaren erabileragatik negoziaketa berria egin nahi duela eta udalak erabilera kanonaren %100 igotzea eskatu duela. Zuzendaritzak baieztapena berretsi du eta gehitu duenez "merkatu ikerketaren arabera, Olatzagutiako harrobiarengatik ordaintzen duguna Nafarroakoen banda altuan dago". Enpresako ordezkariek diotenez, Urbasa magalean dagoen Egibil harrobiko errentamendua 2.021 urtera artekoa da. "Prezioa adostuta dago eta berriz negoziatzeak segurtasun juridikoa hausten du". Olatzagutiako Udalak, bestalde, iazko azaroaren 18an egindako bileran, harrobiaren erabilerarengatik enpresak ordaindu beharreko kanona %50 igotzea proposatu zuen. Udalaren ustez, "dagoen eran mantentzen bada kasu bat egon daiteke kontsumo prezioen indizearen (KPI) igoera erreala baino gutxiago jaso dezakeguna. Igoera KPI baino txikiagoa bada gutxienez horretara berdintzea nahi dugu". Udaletik jakinarazi digutenez, "enpresak beste proposamen bat aurkeztuko zuela esan zuen, eta oraindik zain gaude". 2007an enpresak harrobiaren erabileragatik 499.836,94 euro ordaindu zizkion udalari.