Desagertutako txakurrak hilik opatu dituzte

Guaixe 2009ko martxoaren 12a

Duela pare bat aste hainbat olaztiarrek txakurra faltan zutela konturatu ziren. Konpainiako animalia lapurtu zieten lauzpabost olaztiarri. Jabeetako batek jakinarazi digunez, "lapurrek arreske zegoen txakur emea erabili zuten animaliak haren atzetik joan eta ezustean harrapatzeko". Lapurretaz jabetu ondoren bilaketa hasi zuten jabeek, han eta hemen galdetuz. Bilaketak emaitza ekarri zuen. Lapurtutako txakur guztiak Olatzagutiako bargan hilik opatu zituzten, zulo batean botata. Jabeetako batek esan digunez, "burua txikituta zuten". Txakur jabeen susmoa da borrokarako txakurrak entrenatzeko erabili zituztela haien animaliak. Hildako txakur baten jabeak, eta Altsasuko Udaltzaingoak ere, jakinarazi digute urtean zehar bi herrietan hainbat txakur desagertzen direla eta gero ez dituztela opatzen. Altsasun eta Olatzagutian susmo zabaldua da txakur horiek borrokarako txakurrak entrenatzeko erabiltzen dituztela. Gero animali horiek ibarretik kanpo jokatuko liratekeen borroka klandestinoetan erabiliko lituzketela. Borroka horietan apustuak eginen lirateke eta dirua mugituko litzateke.