Premiek sorrarazi dute Sakanako Ezgaituen Elkartea

Guaixe 2009ko mar. 9a, 00:00

Aurreko ostiralean aurkeztu zen Sakanako Mankomunitatearen Lakuntzako egoitzan Sakanako Ezgaituen Elkartea. Duela hilabete sortu zuten ibarreko ezgaituen senideek elkartea. Irabazi-asmorik gabeko elkartea da eta bere helburua da "Sakanako ezgaituen integrazio fisikoa, soziala eta lanekoa lortzea". Hala azaldu zuten aurkezpenean elkarteko lehendakari Virginia Ruiz de Egino Ruiz de Eginok eta Marisa Fernandez Santano, Oscar Pinto Ondarra eta Juan Antonio Ondarra Fernandez elkarte kideek.

Sakanako Ezgaituen Elkartean gabezia mota guztiak dituzten pertsonen familiak biltzen dira. Aurkezpen agerraldian eskatu zuten "Nafarroako ezgaituen elkarte guztien kolaborazioa". Aldi berean, elkarte sortu berriak laguntza eskatu zien, "enpresei, gizarte zerbitzuei, udalei eta Sakanako Mankomunitateari". Horretaz gain, "gure ezgaituen oinarrizko eskubideak betetzeko erakunde ofizialei lan egitea" eskatu zieten.

Beharra
Sakanako Ezgaituen Elkartea sortu duten pertsonek beste ezgaituen elkarteetako kideak ere badira. Haien zerbitzuak, ordea, Sakanara ez dira heltzen. Azaldu zutenez, "ezgaitasuna arazo larria da. Laguntza gutxi daude. Elkarteen bidez gauzak lortzen dira. Batzuek besteen esperientziak baliatzen ditugu. Informazioa trukatu, laguntza psikologikoa eta bestelakoa".

Gabezia handiak
Sakanako Ezgaituen Elkarteak salatu zuenez "Nafarroako beste eskualde batzuekin alderatuta Sakanan ezgaituei eskainitako arreta txikiagoa da". Horren adibide gisa jarri zuten Sakanan ezgaituendako aisia "zero" dela, "Iruñean, berriz, ezgaitasun guztiendako dute". Bestalde, "sei urte arteko estimulazioa Altsasun egiten da, baina batzuek Iruñera joan beharra dute eta guk gure autoetan eraman behar ditugu. Iruñean, berriz, taxian doaz. Edo errehabilitaziora doan edozein pertsona anbulantzian doa Iruñera. Ezgaitasun psikikoak dituzten pertsonak gurasoek eraman behar ditugu, gure autoetan". Sakanan ere bestelako gabeziak badaudela ere nabarmendu zuten, esaterako: babestutako etxeak, babestutako lana, enpresetan sartzeko aukera eza eta beste. Elkarteko ordezkariek azaldu zutenez "nafar guztiak berdinak gera, gure ezgaituak ere".

Gehiago
Ostiraleko aurkezpenean esan zutenez, "gure helburuak lortzeko, elkarteak Sakanaren eta erakundeen arteko lotura izan nahi du". Zerrendatu zituzten helburuen artean daude "traba arkitektonikoak desagerraraztea, gizarte integrazioa eta aisia, lanerako aukerak edo babestutako etxebizitza, nabarmenak aipatzeagatik".

Elkartekideek azaldu zutenez, "integrazioagatik ez da ezer egiten. Ezgaitasun handia eta txikia dutenak zaku berean sartzen dituzte. Ahalik eta gehien integratzen saiatu behar da". Hainbat adibide jarri zituzten. Tasubinsa, esaterako: "lan ona egiten du. Jendea heltzeko balio du. Baina lan merkatuan txertatzeko bitarteko bat izan behar du eta ez betirako". Gabeziak dituzten pertsonak kontratatzeko deia egin zieten enpresei. Udalei ere eskaera egin zieten, "kirol eskaintza, udan euskaraz edo bestelakoak egiterakoan gabeziak dituzten pertsonak kontuan izateko". Bestalde, Sakanan gabeziadun pertsonak kalean ez direla ikusten nabarmendu zuten.

Laguntza
Aurkezpen ekitaldian Oskar Lasa pilotariak elkartearen aitaponteko papera egin zuen. Ezgaitasuna bertatik bertara ezagutu du Oskarrek eta esperientziak erakutsi dio "laguntza beharrezkoa" dela. Bestalde, mankomunitateak haren egoitza utzi dio elkarteari osaketa prozesuko bilerak egin zitzan. Sakanako Ezgaituen Elkartearen leloa da gaur ni naiz, bihar zu izan zaitezke. Irudia, berriz, Beriain mendia da, "gure bizitza igotzea eta igotzea, borrokatzea eta borrokatzea da. Erorita ere aurrera egin beharra ere".

Elkarteak Nafarroako Kutxan kontua zabaldu du nahi duenak diru ekarpenak egiteko. Elkarteak 24 bazkide ditu. Elkarteko kide egin nahi duenak urtero 20 euroko kuota ordaindu beharko du. Sakanako Ezgaituen Elkartearekin harremanetan jartzeko 660 299 617 telefonora (Virginia) hots egin daiteke. Bestalde, Altsasuko Udalari elkartearendako egoitza eskatu diote, ANFASekin batera erabiliko dutena.