Xabierrera, eguraldia lagun

Guaixe 2009ko martxoaren 13a

Antza aurreko asteburukoa baino eguraldi hobearekin ospatuko da bihar bigarren xabierraldia. Sakandar batek baino gehiagok hartuko du gaur gauean Xabierko Gazteluko bidea eta beharrezko atsedenak hartu eta gero Zangozara iritsiko da. Nafarroa ekialdeko merinaldeko hiriburutik 15:00etan abiatuko da erromesak Xabierko Gazteluraino eramanen dituen gurutze-bidea. Hara iritsi eta 17:00etan meza izanen da. Elizkizuna eta gero, 18:30ean, auditorioan La Voz del Desierto musika taldearen kontzertua iragarrita dago. Ordu berean, Xabierko basilikan meza izanen da. Biharko beste meza 13:00etarako dago iragarrita. Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutzak aurtengo xabierraldietarako Misioneros como Pablo y Javier. ¡Ay de mí, si no evangelizo! leloa aukeratu du. Fedearen deiarekin bat eginez bi asteburuetan sakandarrak izan dira eta izanen dira Xabierko gazteluan. Asteartean ere izan ziren, graziako-bederatziurrenaren barruan, urtero moduan, Nafarroako pastoraltza-eskualdeetako erromesaldiak ere antolatuak zeuden. Sakana hartzen duen Mendialdeko eskualdea asteartean izan zen Xabierren. Goizean ibarretik bost autobus abiatu ziren eta eguerdian meza entzun zuten basilikan Xabierren bildutakoek.