Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
ELA sindikatuak atzokoan ibarrean dituen 100 ordezkarietatik 55 bildu zituen. Altsasun egindako bilkuran ELAko kideek krisiaren inguruko hausnarketa bateratua egin zuten. Sindikatuaren Nafarroako koordinatzaile Mitxel Lakuntzak azaldu zigunez, "krisi garaian jendea kontzientziatu eta ondorioez aritzeaz gain, krisiaren jatorria zein den jakin behar da". ELAko arduradunaren ustez "krisiaren muinean aberastasunaren pilaketa dago, eta aberastasuna gehiago banatu beharra" zegoela adierazi zuen, "zerbitzu publiko duinak eta prestazio egokiak izateko". Lakuntzak esan zigunez, "finantza arloa krisiaren erruduna da, baina gobernuek ere ardura dute egiten utzi dietelako eta bankuak eta horretaz baliatu direlako". 1992ko krisialdia gogora ekarriz azaldu zuen "orduko egoera zailaz baliatuz politika fiskalak aldatu, lan erreformak indarrean jarri ziren". ELAko arduradunak esan zuenez, "orain ezin da gauza bera egin. Alternatiba da, lan merkatuaren malgutasunarekin bukatzea eta gehiago dutenek gehiago ordaintzea". Atzokoan sindikatuaren ordezkariengandik jasotakoaren arabera, Mitxelek esan zigun "berdin da lantegiaren egoera, enpresariak esaten ari dira langileak soberan daudela eta lanpostuei eusteko langileek soldatak jaitsi behar dituztela". ELAko arduradunak esan zuenez, "enpresariek ez dituzte behar baino langile gehiago izaten. Gauza bat da enplegua eta bestea soldata. Halako txantajerik ez dugu onartuko". Azkenik, langileei dei egin zien "beldurrari aurre egiteko antolatuta egoteko, hala hobeki aurre egiten zaiolako".