Espainiako armadan soldaduska egiteari aurka egin zion intsumisioaren mugimenduak 20 urte bete berri ditu. Hori dela eta, bere garaian intsumitu izan ziren hainbat nafarrek manifestua izenpetu dute. Agiri horren sinatzaileek esan dutenez, "intsumisioa oraindik bide baliagarria dela badakigu. Erabilgarria da, baina ez bakarrik soldaduska gainditzeko lagundu zuelako. Geure burua konbikzio batetik egin genuen intsumiso: inposizio eta bidegabekeriari beti egin behar zaiolako aurre".Nafarroan "hamaika konturi" intsumisioa egiteko dagoela adierazi dute sinatzaileek, esaterako: "profesionalizatuta gure herria okupatzen duten armadei, Foru Hobekuntzaren erregimenaren kasta eta UPN-PSNren bunkerrari, txikizioa aberasteko tresna dela erabaki dutenei, abortatzea eragozten duen eta arras atzerakoia den boterearen ideologia patriarkalari, Euskal Herrian Salbuespen egoera ezartzen digun botereari eta gure herriari bere etorkizunaz erabakitzeko eskubidea ukatzen dioten Espainia eta Frantziari". Manifestua hasiera batean 62 intsumituk sinatu badute ere, ekimenaren antolatzaileek gehiago ere badirela esan dute. Idatziari atxikimendua adierazi dieten artean sakandarrak ere badaude, besteak beste: Edor Zubeldia, Felix Arregi, Fermin San Roman Lumbreras, Gorka Mintegi, Iñaki Martiarena Legarra, Iñigo Imaz, Javier Bados, Jon Mendia Berastegi, Josetxo Crespo, Juan Antonio Vicente Galbete, Juan Jose Goikoetxea San Román, Luis Artola eta Ramon Lopez.