Gonzalez Iñarritu eta Bardem Beriain gainean

Guaixe 2009ko martxoaren 17a

Beriain inguruan bueltaka zebilen helikopteroak adi jarri zituen asteburuan Aranaz aldeko biztanleak. Mendi istripuren bat izan ote zen beldur zeuden batzuk, baina, antzik ere ez: González Iñarrituren azken filmaren grabaketak eragin zuen ez-ohiko mugimendua. Noruega, Suitzako Alpeak eta Nafarroaren artean zalantzan egon ondoren, Nafarroaren aldeko hautua egin du Biútiful filmaren arduradun tekniko eta artistikoak. Martxoaren 12an iritsi zen Nafarroara 50 pertsonako lan-taldea, auto karabanarekin: efektu berezietarako ibilgailuak, kamara, arropa eta katering-aren kamioiak... eta helikoptero baten laguntza ere izan zuten batetik bestera mugitzeko. Beriainen filmaketak egin eta gero, lan taldeak Arbizuko Olatzea landa hotelean hartu zuen ostatua. Sakandar baten baino gehiagoren laguntza behar izan zuten Andiako mendi gainera ekipamendua eramateko. Katrin Ginea arduratu zen Sakanako egonaldia antolatu eta behar ziren laguntzaileak aurkitzeaz. Arbizuarra produkzio taldeko kide izan da. Zinemagile mexikarrak sortu berri den Ikus-Entzunezko Arteen eta Zinematografiaren Nafarroako Institutuko (INAAC) Navarra Film Commission erakundearen laguntza izan du. Bardem protagonistaAlejandro Gonzalez Iñarritu zuzendariak Amores perros, 21 gramos edo Babel filmak zuzendu ditu besteak beste. Bere azken filmean Javier Bardem da protagonista. Antzezle espainiarrak maitasun atsekabearen ondoren oreka emozionalaren bila dabilen gizonaren papera hartuko du. Baina horretarako lehenengo bere iragana onartu beharko du. Gustavo Santaolalla ezagunak jarriko dio musika filmari. Bartzelona, Badalona eta Santa Coloma izan dira filmaketa gune nagusiak. Beriain gainean lan horiek despeditu eta gero, filma irailean mustutzea aurreikusten dute. Sakana pantaila handianFilm honekin pantaila handian agertuko dira atzera ere Sakanako bazterrak. Ez da bailarak hartzen duen lehen film grabaketa; ospe handiko zenbait film gurean grabatu dira: Amaya (Luis Marquina, 1952), Orgullo y pasión (Stanley Kramer, 1957), La batalla de las Ardenas (Ken Annakin, 1965), Cromwell (Ken Hughes, 1970), Patton (Frankil J. Schaffner, 1970), Robin y Marian (Richard Lester, 1976), Tasio (Montxo Armendariz, 1984), Tengo una casa (Mónica Laguna, 1996), Escalofrio (Isidro Ortiz, 2007) eta Eutsi! (Alberto Gorriteberea, 2007) esaterako.