Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ezker Batuak aurkeztuta, Altsasuko Udalak eta Sakanako Mankomunitateak dagoeneko onartu dute Madrila eta Bartzelonara joan-etorria egiten duten Alvia trenetako batek gutxienez Altsasun gelditzeko eskaera. Altsasuko zinegotzi Arturo Carreño Ezker Batuko taldearen bidez Espainiako Kongresura iritsiko da gaia. Carreñok esan digunez, "Altsasuko geltokiak geldialdiak hartzeko langileria prestatuak eta profesionalak eta beharrezko baliabideak ditu. 45 langile dira eta, historikoki, geltoki honetan norabide guztietan zihoazen tren guztiak gelditu dira". Aldi berean, zinegotzi altsasuarrak gogora ekarri du "duela urte bat arte Altsasun Madrilera zihoazen hiru tren (goizean, arratsaldean eta gauean) eta Bartzelonara joaten ziren bi tren (arratsaldean eta gauean) gelditzen ziren". Madrilera joan-etorria egiteko trenik gabe duela urte bete geratu ginen eta Bartzelonarako trenik gabe hilabete honetan, RENFEk tren motak aldatzean Altsasuko geldialdia kendu duelako. KexuaJakinik ibilbide luzeko trenek Zumarraga, Castejon edo Tuteran ere geldialdiak egiten dituztela, Arturo Carreño Parras zinegotziak dio "trena erabiltzeko beste eskualde batzuetako biztanleek duten eskubide bera dugula sakandarrek". Geldialdirik egiten ez dutenez, ibilbide luzeko trenak hartzera sakandarrak Iruñera edo Gasteizera joan beharra dutela ere nabarmendu du zinegotziak. Carreñok, bestalde, Fomento Ministerioari, Nafarroako Gobernuari eta ibarreko udalei dei egin die "gertatutakoaren aurrean erabakiak hartzeko". Aldi berean, kexu azaldu da Adif eta RENFEko enpresa batzordeek gaia "ez aipatzeagatik". 2006ko irailean Nafarroako Parlamentuak, aho batez, Altsasun Altaria trenek geldialdia egiteko mozioa onartu zuten. Eskaera Espainiako Gobernuari eta RENFE-ri zuzendu zitzaion. Carreñok jakinarazi digunez, "orduko hartan RENFE-k esan zigun egunero 4 eta 6 bidaiari artean behar zirela trenek geldialdia egiteko". Eskaera, atzera ere, parlamentura bideratuko du zinegotziak, baina beldur da "ministeriora jotzeko esanen ez ote diguten". Bestalde, Nafarroako Arartekoak jakinarazi zion gai horretan ez zuela konpetentziarik.