Aurreko ostiral arratsaldean UGT sindikatuko eskualdeko ordezkariek batzarra egin zuten. 55 ordezkarietatik 40 bat bildu ziren sindikatuaren Nafarroako idazkari nagusi Juan Goyenekin eta antolakuntza arduradun Joseba Marinekin. Haiekin batera Sakanako UGTko arduradun Bienbenido Gallego izan zen. Batzarra, herrialdeko eskualde guztietan egiten ari den moduan enpleguaren alde, gizarte babesaren alde eta eskubideen murrizketaren kontrako mezuak zabaltzeko baliatu zuten. Bere hizketaldian Juan Goyen enpresariei zuzendu zitzaien "gizarte ardura" eskatuz, "alarma egoera elikatzen ari baitira". UGT-ko eledunek jakinarazi zutenez, "abendura arte, Sakanak beste eskualde batzuek baino gutxiago sumatu ditu krisiaren ondorioak, eraikuntza arloaren presentzia txikiagoa delako. Hala eta guztiz ere, krisiaren ondorioz, abenduaz geroztik okertzeko joera dago oro har". Sektoreei dagokienez, UGTk zabaldutakoaren arabera iaz langabezia gehien izan zen sektorea zerbitzuena izan zen, %32. Industrian %29koa izan zen langabezia. DatuakUGTko arduradunek hainbat datu zabaldu zituzten ostiralena. Esaterako, iaz langabezia %23,72 hazi zela eta, gaur egun, emakume langabetuen kopurua gizonen bikoitza izatetik ia pareko izatera pasa dela (520 emakume langabe eta 417 gizon). Adierazi zutenez, "gizonen langabezia proportzionalki hazi da". Kontratuei dagokienez, jakinarazi zuten iaz 4.966 kontratu sinatu ziren eskualdean eta haietatik soilik %13 izan ziren mugagabeak. Kontratazio erritmoa ere jaitsi zela nabarmendu zuten. Iazko urte bukaeran hasieran baino %42 gutxiago kontratatzen zen eta "beherako joera mantentzen da".