Paris-Niza, Caisseko Luis Leonendako

Guaixe 2009ko martxoaren 16a

Caisse d´Epargne taldean dabilen Luis Leon txirrindulari murtziarrak ez zuen aparteko arazorik izan larunbatean, Astanako Alberto Contadorri ateratako abantaila mantendu eta Paris-Niza irabazteko. Izan ere, sorpresa ugari ekarri ditu Paris-Nizak eta azken etaparaino ederra eta emozioz betetakoa izan da. Ostiraleko etapa erreginan lidergoa eskuratu zuen Contadorrek, Montagne de Luren sekulako erakustaldia eman eta gero. Baina larunbateko etapan Caisseko Luis Leon Sanchezek eta beste hainbat txirrindularik eraso gogorra jo zuten eta Contador ia mugitu ezinik geratu zen, sekulako ahulaldiarekin, eta hor ihes egin zion Paris-Nizak, Luis Leonek etapa irabazi eta lidergoa kendu baitzion. Contadorrek azaldu zuenez, etengabeko erasoei erantzuten ari zela, behar bezala jatea eta edatea ahaztu zitzaion. Nahiz eta oso zaila izan, atzoko etapan eraso egiten behin eta berriz saiatu zen Alberto Contador, etapa bukaeraraino, baina Luis Leon Sanchezek bikain kontrolatu zuen Madrilgo Pintoko jokalariari ateratzen zion denbora, eta ez zuen maillot horia ihes egiten utzi. Horrela, etapa esprintean erabaki zuten Katushako Antonio Colomek eta Astanako Alberto Contadorrek, eta azkarrena Katushako espainiarra izan zen. Euskalteleko Gorka Verdugo etxarriarra 24.a sartu zen, 1:32ra. Sailkapen orokorrean, aldiz, Caisseko Luis Leon Sanchez nagusitu zen (30:53:51). Kontentu zegoen irabazlea, eta bere taldekideen lana eskertzeaz gain, Paris-Niza irabaztea "ametsa" izan dela esan zuen. Verdugok primerako lana egin du, 18.a izan baita, 12:54ra. Verdugo Paris-Niza bukatu duen txirrindulari sakandar bakarra izan da, Caisseko Imanol Erbitik eta Ag2rko Jose Luis Arrietak lasterketa utzi baitzuten. Txirrindulari sakandarrek ez dute zorte handirik izan, hirurek erorikoa izan baitzuten, baina Verdugok bikain bukatu du.