Afizionatuetan Iparragirre nagusi Mutiloabeitin

Guaixe 2009ko martxoaren 16a

Atzo elite eta 23 urtez azpiko afizionatuak Mutiloabeitin aritu ziren lehian, 104 kilometroko Arangurengo Bailara Trofeoan. Lasterketa esprintean erabaki zen eta Bidelan taldeko Unai Iparragirre izan zen azkarrena. Rural Kutxa talde sakandarreko Julen Gonzalez laugarren sailkatu zen, denbora berean. Ohikoa denez, Erroko gainean bereizi zen tropela. Naturgaseko Jagobe Arberasek salto egitea lortu zuen, baina helmugarako 5 kilometroren faltan tropeltxo batek harrapatu zuen. Baina atzetik jo eta ke lanean zebilen tropelak zioan taldetxoa irenstea lortu zuen, helmugarako 2 kilometro baino lehen. Etapa bukaera nahiko nahasia izan zen, errotondak, bihurgune arriskutsuak eta beste gainditu behar izan baitzituzten txirrindulariek, eta erorikoak ere izan ziren. Seguros Bilbao taldeko Jon Pardok helmugako pankarta ikusi bezain pronto abiatu zuen esprinta, baina ez zituen indarrak ongi neurtu eta helmugako marran Bidelaneko Unai Iparragirre gailendu egin zitzaion. Esandakoa, laugarrena Rural Kutxako Julen Gonzalez izan zen, eta talde bereko Garikoitz Bravok tarteko helmugen saria jaso zuen. Rural Kutxako Garikoitz Bravo hirugarrena LizartzanLarunbatean Lehendakari txapelketarako baliagarria zen lasterketa jokatu zen Lizartzan, 21. Insalus Lasterketa hain zuzen. 19 eta 20 urteko txirrindulari afizionatuek hartu zuten parte, eta irabazlea Lizarte taldeko Eric Pedrosa izan zen, motoziklismoko txapeldun Dani Pedrosaren anaia txikia hain zuzen. Bigarrena Naturgaseko Mikel Landa izan zen, eta hirugarrena Rural Kutxako Garikoitz Bravo. Macario Sari Nagusia Egoitz GarciarendakoAtzo Macario Sari Nagusia jokatu zen Madrilgo Alcalá de Henaresen, Espainiako Koparako baliagarria. Talde euskaldun amateurrek lan handia egin zuten, eta etapa esprintean erabaki zen, ihes eginda zeuden 14 txirrindulariren artean. Irabazlea ECP taldeko Egoitz Garcia izan zen, eta Rural Kutxa talde sakandarreko Guillermo Lana bosgarren tokian sailkatu zen, denbora berean.