Aralar Mendik ez zuen aukera aprobetxatu

Guaixe 2009ko martxoaren 18a

Estatuko B mailan 21. jardunaldia jokatu zen asteburuan. Kirol Sport liderrak eta Ribera Navarrak jokatu beharreko lehia atzeratu egin zen, eta bigarrena den Uharte Arakilgo Aralar Mendik aukera polita zuen liderrarekin distantzia murrizteko. Baina Aralar Mendik ez zuen aukera probestu, etxean 2-3 galdu baitzuen San Juan taldearen kontra. Bere aldetik, Irurtzungo Xotak 4-6 irabazi zion Viariari, garaipen bidea berreskuratuz. Kirol Sportek jarraitzen du lidergoan, 49 punturekin. Aralar Mendi bigarrena da, 42 punturekin, hirugarrena den RVC Lintxu taldearekin puntura berdinduta. Xota seigarrena da, 36 punturekin. Aste honetan Aralar Mendik bi partida jokatuko ditu. Martxoaren 18an atzeratutako partida bat jokatuko du, sailkapenean zazpigarrena den Gima Ribera Navarra taldearen kontra. Larunbatean Uharte Arakilen jokatuko dute uhartearrek, 19:00etan, 39 punturekin sailkapenean laugarrenak diren Gazte Berriak taldearen kontra. Ea azkeneko jardunaldia ahaztu eta taldeak puntuak pilatzen dituen. Bestalde, larunbatean, 17:00etan Xotak etxean hartuko du sailkapenean azkenaurrekoa den Nordecons Olite. Ea garaipen bideak aurrera jarraitzen duen.