Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Tirreno-Adriatiko lasterketa bukatu eta gero, larunbatean Milan-San Remo Klasiko famatua jokatuko da, denboraldiko lehen klasikoa, eta igandean Gaztela Leongo Bira hasiko da. Milan San Remo 298km-ko proba da, eta helmugatik gertu azkeneko bi portuak Cipressa eta Poggio izanen dira; azkena, helmuga baino 6 km lehenago, mendate bihurria da, arin igotzen dena.Euskaltelek Tirreno-Adriatikoko talde bera Milan-San Remora eramango du, eta hortaz, Egoi Martinez etxarriarra eta Pablo Urtasun urdiaindarra izanen dira bertan, Koldo Fernandez de Larrea esprinterrarekin, Iñigo Landaluzerekin eta gainontzeko taldekideekin batera. Euskaltelek Fernandez de Larrea garaipenetik hurbil egotea nahiko luke, baina zaila izango da, eta Landaluze eta Egoi ere sasoi onean daudenez guztia ematera aterako dira. Urtasun Fdez. de Larrearen laguntzailea izango da. Caisse d´Epargneko Hiriberriko Imanol Erbiti ere Italiako Klasikoan ariko da. Egun hauetan Nizan izan da Erbiti, Luis Leon Sanchez eta Oscar Pereiro taldeburuekin larunbateko klasikoa prestatzen. Aipatutakoez gain Milanen izanen diren beste txirrindulari ezagunak Astanako Lance Armstrong, Katushako McEwen, Liquigaseko Basso eta Bennati, Quick Stepeko Boonen, Rabobankeko Flecha, Columbiako Cavendish, Saxobankeko Schleck anaiak, Agua & Saponeko Garzelli eta Serramentiko Scarponi eta Rebellin izanen dira. Guztiek ikuskizun ederra emango dute.