Tirreno-Adriatiko Scarponirendako

Guaixe 2009ko martxoaren 18a

Zaleak ezin dira kexatu Paris-Nizak eta Tirreno-Adriatikok emandako ikuskizunarekin, azken ordura arte lidergoa eskuratzeko borrokak eman baitira eta lasterketa Astanako Contadorrek edo Astanako Klödenek irabazi behar zuela zirudienean Caisseko Luis Leon Sanchez eta Serramentiko Scarponi gailendu direnean, erasoaldi ikusgarriak jo eta ordura arteko liderrak ahituta geratu eta gero. Bada, atzo Tirreno-Adriatikoko azken etapa jokatu zen, San Benedetto del Tronton hasi eta despeditu zen 177 kilometrokoa, eta aurreikusi moduan tropela batera heldu zen, lasterketa esprintean erabakiz. Guztien artean azkarrena Columbiako Mark Cavendish izan zen (4:09:46), Garmineko Faral, Vacansoleileko Cooke eta Liquigaseko Benattiren aurrean gailenduz. Esprinta bikain prestatu zuen Columbia taldeak, eta nahiz eta Euskalteleko Egoi Martinezek, Aitor Galdosek eta Pablo Urtasunek Koldo Fernandez de Larrea esprinterraren alde egindako lana ona izan, arabarra hamaikagarrena sartu zen helmugara. Bezperan erakustaldia eman eta lidergoa eskuratu eta gero Serramentiko Michele Scarponik ez zuen lidergoa ihes egiten utzi, eta 25 segundura zuenAcqua&Saponeko Stefano Garzelli behar bezala kontrolatu eta gero, Jesiko txirrindulariak irabazi du lasterketa (27:32:22). Pozik zegoen Scarponi. Puerto operazioan nahasita egon eta gero 18 hilabeteko santzioa bete egin zuen eta iazko abuztuaren 3an itzuli zen berriro tropelera, eta aurtengo Tirreno-Adriatikoa irabaztea oso inportantea izan da berarendako. "Arazo guztiak atzean utzi ditut. Milesker taldeari eta taldekide guztiei" zihoen italiarrak, igandeko erlojupekoan denbora ona egin izanak atzo lidergoa eskuratzeko borrokan sartzera ahalbidetu ziola adieraziz. Euskalteleko Egoi Martinez etxarriarrak primerako lana egin du, asteleheneko 220 km-ko ihesaldia tartean, eta nahiz eta tamalez etapa garaipena ez lortu, mendiko txapelketa irabazi du, eta sailkapen orokorrean 24.a sailkatu da, 9:47ra. Haren taldekide Pablo Urtasun urdiaindarrak arazoak izan ditu katarroekin eta 133.a sailkatu da, ordu batera.