Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Apirilaren 2an, goizeko 4:00ak aldera, sakandarrek Ataunerako bidea hartuko dute Lizarrustin barna. Korrikara aste bat aurreratuta, ibilbide bera egingo dute Arbizu eta Etxarri Aranazko gazteek. Ataunen herriko gazteak izanen dituzte zain, bertso afari ederra egiteko. Hiru herrietako Gazte Asanbladek gaur iluntzean dute hitzordua. Mugaren bi aldeetako gazteek jai giroan emanen diote ongi etorria Korrikari. Gaur iluntzeko 19:30ean emanen diote hasiera ospakizunari triki-poteoarekin, Ataungo San Martin auzoan. Motorrak berotuta daudela, 21:30ean eseriko dira mahaian, San Martin plazan. Iban Urdaingarin eta Joseba Andoni Beltza ariko dira bertsotan. Giroa berotu ahala, ziur beste lagunen bat ere animatuko dela. Bertso afariko txartelak salgai daude Etxarri Aranazko Leku Ona eta Arbizuko Karrika tabernetan, 12 eurotan. Ateratako dirua Korrikarendako izanen da. Navarra Comunidad foral-GipuzkoaMuga hori markatzen du Lizarrustiko gainak. Apirilaren 2an, Korrikarekin, "inposatutako muga" apurtuko du euskarak. Sakandarrak zein goierritarrak, esku batzuetatik besteetara pasako da Korrikaren lekukoa. "Muga guztien gainetik euskara da elkartuko gaituena" aldarrikapen hori egin zuten Etxarri Aranazko eta Ataungo Gazte Asanbladen ordezkariek Lizarrusti gainean, bertso afaria aurkezteko prentsaurrekoan. "Panelek hala sinestarazi nahi badigute ere, Ataun, Etxarri eta Arbizuk ez dute inoiz mugarik izan eta izango elkartu eta antolatzeko garaian" adierazi zuten. Elkarlan horren ondorio izanen da gaur gaueko bertso afaria. Hiru herritako gazteak gustura aritu dira elkarlanean. Aurrerantzean egitasmo berriak antolatzeko prest agertu dira.