Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Plazaola Partzuergo Turistikoak hainbat udalekin harremanak izan ditu Plazaola natur bidea berreskuratzeko helburuz. Partzuergo horren helburuetako bat da Iruñea eta Donostia lotzen zituen trenaren ibilbidea natur bide gisa berreskuratzea, "lurraldea egituratzeko balioko duen bitartekoa" bihurtzeko, "ibilirako eta naturaz gozatzeko ez ezik, baita bisitariak eskualdean zehar banatzeko ere".Partzuergoko kide Maitane Ezkutarik esan digunez, "orain arte udalak ados azaldu dira aurkeztu diegun egitasmoarekin eta Nafarroako Gobernuak ere interesgarri jo du". Plazaola Partzuergo Turistikoaren asmoa da Irurtzun eta Iruñea arteko ibilbidearen berreskuratzea azkartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala (UPS) tramitatzea. Partzuergoak proiektua sustatuko luke, baita Nafarroako Gobernuan tramitatu ere. Haren oniritzia jaso ondoren, egin beharreko lanak Espainiako Ingurumen Ministerioak ordainduko lituzke. Tramiteak luze joko du, baina tartean Aizkorbe eta Irurtzungo lurrak hartuko ditu. Partzuergo horrek dagoeneko prest du Irurtzun eta Mugiro arteko ibilbide zatiko egitasmoa. Hori ere, UPS bidez onartzeko aurkeztuko da. Partzuergoak dagoeneko trenbidearen 20 bat km berreskuratu ditu. Gipuzkoan ibilbidea Andoainera arte luzatzen da, 21 km gehiago. Plazaola trenbideak Nafarroa eta Gipuzkoako hiriburuak batzeko 84 km-ko ibilbidea egiten zuen.