NaBaik Lanbide Heziketako institutuaren alde egin du

Guaixe 2009ko martxoaren 22a

Altsasuko Nafarroa Baiko Batzorde Iraunkorrak, prentsa ohar bidez, azken udal bilkuran eta ondorengo adierazpenei erantzun nahi izan die. Altsasuko NaBaik lehenengo eta behin dionez, "herriko Lanbide Heziketa (LH) institutua babesteko beharraz konbentzituta gaude". Koalizioak gaineratu duenez, "eragileek, udal eta eskualde erakundeek hura hobetzeko garatuko dituzten ekimen guztiak babestuko ditugu". EskaeraNaBairendako "Altsasuko zentrorako Nafarroako Gobernuari goi zikloak eskatzea gure lehentasuna da". Halakorik ez duen herrialdeko zentro bakarrenetakoa dela gogora ekarri dute. Nafarroan esklusiboki emanen litzatekeen ikasketa bat Altsasurako ere eskatu du koalizioak. Horrekin batera NaBaik "lotsagabekeriatzat" jo du UPNk gai hori baliatuta "gu atakatzea". Koalizioak erregionalistei leporatu die haien "ardura zuzena" dela "LH zentroak goi ziklorik ez izatea, gero eta espezialitate gutxiago eskaintzea, eskualdeko ehun ekonomikoak eskatzen zuena ez eskaintzea eta irakaskuntza elebidunik ez ematea". Udalak "historikoki egin duen moduan" ikastetxearen alde egiten jarraituko duela baieztatu du NaBaik, eta gogora ekarri du "Nafarroko Gobernuaren utzikeria eta konpromiso faltaren aurrean" udala izan zela laurogeita hamarreko hamarkadan soldadura modulua ezartzeko dirua jarri zuena.AzalpenaUdal bilkuran emandako abstentzioaren inguruan, Altsasuko NaBaik esan du: "inoiz ez ditugu gure erakundeetako karguak ikastetxearen kontra joateko erabili". Gaiaren kudeaketan akatsak egin dituztela aitortu du Altsasuko NaBaik. Gainera adierazi duenez, "gure asmoa izan da Goierri moduko inguruko eskualdeekin elkarlan formulak bilatzea. Hemen eskaintzen ez diren eta prestakuntza profesionaleko beste ikasketak eskatzen dituzten gazteendako aukerak bilatzeko, urrunago dauden eta eskaintza hori egiten duten Nafarroako beste eskualdeetara joan ez daitezen. Gure enpresek eska dezaketen prestakuntza ere kontuan hartuta". Altsasuko NaBaik berretsi du "herriko ikastetxe publikoen kontra doan inolako jarduerarik ez" duela eginen eta prestakuntza eskaintza orokorra "hobetu eta aberasteko ekimenak proposatuko" dituela.